Ostegun honetan hasiko da Korrika, euskararen aldeko ekitaldi jendetsua eta ARGIAk egunez egun jarraituko du, euskararen arloan hitzetatik ekintzetara pasatzea erabaki duten hainbat protagonistaren historiak kontatuz, besteak beste.
Martxoaren 31n Amurrion hasi eta bi astez luzatuko da Korrika, euskararen aldeko ekimen erraldoia, Donostian apirilaren 10ean amaitu arte. Bi mila kilometro baino gehiago guztira. Denbora horretan ARGIAk jarraipen berezia egingo dio lasterketari, herriz herri eta egunez egun.
Leire Artola kazetaria ariko da zeregin horretan, zuzeneko jarraipena egin eta hitzetatik ekintzetara igaro diren protagonisten historiak azalduz. Historia eta protagonista batzuk ezagun egingo zaizkizue, besteak agian ez, baina guzti-guztiek izan dute garrantzia Euskal Herria euskalduntzeko bidean, modu batera edo bestera. Guztiek ekin dute, urratsa eman; euskararen alde egotetik, euskaraz egiteko borroka egin dute.
ARGIAren sare sozialetan zabalduko ditugu irudi ikusgarrienak nahiz momentu aipagarrienak, eta bideo landuak ere egingo ditugu. Hori guztia Argia.eus-eko Korrika 22ren kanalean aukituko duzu. Baita Instagram, Facebook eta Twitterren ere.