argia.eus
INPRIMATU
Zoriontsu izan ginen lekuak
Castillo Suárez @casti_suarez 2022ko martxoaren 24a

Beti saiatu izan naiz zentzu bat ematen halabeharrari, maizegi hartzen nauen babesgabetasuna txikituko delakoan. Horregatik ez dit min handiegia ematen heriotzak, halabeharrez heldu den aldetik; alabaina, askoz ere arrangura handiagoa sortzen dit lagunak galtzeak. Horrelakoetan neure buruari errepikatzen diot ezin izan dudala ezer egin. Hurrengo urratsa da bere opariak botatzea eta argazkiak ezabatzea. Ezer ez da aringarri, ordea. Joan direnak ez dira inoiz erabat joaten; oztopatu egiten dute egiten ari naizen hori. Orduan nire bizitza betetzen dut gehiegi ezagutu ez baina maitatzeko prest nagoen horiekin. Galdetuko balidate zer eskuratu nahiko nukeen orain ez dudana, maitatzen utzi nautenei agur esaten ikastea erantzungo nuke zalantzarik gabe. Edo ni nintzen eta berriro izango ez naizen pertsona izateari uzten ikastea. Ez dakit bigarren aukerarik ematen. Oroitzapenak deserosoegiak dira irentsi ahal izateko. Hausturak dakarren zartatua ikusezina bezain mingarria da. Horregatik gorroto nuen udaro toki berberera joatea oporretan. Zoriontsu izan ginen lekuak ere desagertu egiten dira lehenago edo geroago.