Pozik agertu ziren María Chivite eta Iñigo Urkullu La Palmatik itzultzerakoan energia berriztagarrien aldeko erabakiak hartu direlako. Espainiako Estatuko autonomia erkidegoetako lehendakariek martxoaren 13an egindako konferentzian, momentuko arazoari ez ezik, korapilo galanta den krisi energetiko orokorrari aurre egiteko urratsa egin omen dute. Adierazpenak begi onez ikusteko gogoak edo beharra dituenarentzat, trantsizio energetikoa egiteko bidea azkartu du Ukrainan gertatzen ari den gerrak.
Halako adierazpenekin gertatu ohi den bezala, esaten ez duten horretan dago koska. Nork marraztu, antolatu eta bideratuko du ustez martxan dagoen trantsizioa? Emaitzak ez dira berdinak izango berdez jantziz bere burua zuritu nahi duen Iberdrolak egiten badu, edo parte hartze soziala ziurtatuz erabaki behar diren politika publikoen bidez egiten bada. Zer da trantsizio honekin aldatu nahi dutena? Jasangaitza den ekoizpen eta kontsumo eredu honekin jarraitu ahal izateko energia iturriak aldatu nahi dira? –Emmanuel Macronek energia nuklearraren alde egindako hautuaren logika berarekin–. Edo gehiegizkoa eta oso bidegabea den energia kontsumoa eskatzen duen eredua da aldatu nahi dena?
Eta batez ere, nora iritsi nahi dugu? Gauzak aldatzea denak berdin jarraitzeko, emaitza oso eskasak dituen bidea da. Eskasak guretzat, langileontzat. Urte gutxitan antolatutako zaintzaren merkatua ikusita, ez dut uste lekuz kanpo dagoenik pentsatzea berriztagarrien merkatuak izango duen hazkundean imajinatze hutsarekin argindarraren kontsumoarekin espekulatzen dutenei hortzak zorroztu zaizkiela.