argia.eus
INPRIMATU
Belarra ez da berriro haziko?
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2022ko martxoaren 22a
Dolu | Sega Sound Killers | Promomusika, 2022

"Matxet" Altolagirre zakur zaharra da; odolean darama beti aurrera begiratzearena eta ezohiko proposamenak sortzen ditu, betiere kalitatezkoak, oso zainduak. Bere DNAn daude hain askotarikoak eta era berean apurtzaileak izan diren Jousilouli, NaizRoxa, Anai-Arrebak… eta orain Sega Sound Killers. Abentura honetan ere aparteko bidelagunak ditu, esperientzia gordin eta aberatsetan zailduak: Izaera, Lionhead eta Deskode, besteak beste.

2019an jarri zen martxan SSK, igaro ahala belarra hazteko baimenik ematen ez duen zapalgailu elektronikoa. Baina martxa hartuta zeudela, ditxosozko pandemia etorri eta Portugal Txiki estudio-laborategian babestu ziren. Babestu eta sormena borborrean jarri; dena bat. Han irudikatu zuten hamarkadatan eraikitako musika eszena hondoratuko zela eta galera horren dolua eraiki zuten haiek dakiten bezala, musikaz eta hitzez. Eta, horretarako, eszena honetan zeresana eman duten ahots asko batu dituzte.

Arnasik ez da elektro-industriala teklatu oso ilunekin Chico Tornado eta Alaine Salterain lagun; Dolu hardcoreari keinua egiten dion –Meltdown– industrial jostaria; Lux bella Ainhoa Mertzerok eta Aintzane Gamizek argitzen duten techno zerutiarra; Boom H. Lekter konplize –nor bestela?– 90eko rock gogorrera bidai amiltsua; Neon kills Zuriñe Hidalgo jantzi vintage eta tribalarekin elektronika dantzan. Horiei jarraika, NR Zaloak soula txertatzen dion hit techno apurtzailea; Sega-k labeldun raggamuffina –Juantxo vs Fermin– dauka plater nagusi, nahiz eta doinuz garatu eta garraztu egiten den; eta Bihotzak iluntasunean drum&bass eta elektro melodia sarkorretan oinarritzen da, Okene-ren gozamenerako. Bitxia da, baita ere, Sara Zozayak xuxurlatu eta goxatutako Excalibur. Segidan dator Margak gidatutako Your number is one elektro-techno-rock-garbigailua; Matxet rapean eta haginka egiten aritzen den Shake it! elektro-rock amorratua; eta akabera ematen diote Love dantzagarriarekin Marta Caballero eta Gorka Urraren laguntzaz. Barka bezate elektronika adituek! Kar-kar-kar.