argia.eus
INPRIMATU
Balentziaga, titulu ofizialik gabeko goi-joskintza
  • Xàbia (Alacant), 1972ko martxoaren 24a. Cristobal Balentziaga Eizagirre jostun eta moda diseinatzaile getariarra hil zen 77 urte zituela. Erretiroa lau urte lehenago hartua zuen, 50 urtez lanean aritu ondoren eta goi-joskintzaren gainbehera betean.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2022ko martxoaren 23a

Errentagarria izateari utzi arren, Balentziagak beti egin zuen goi-joskintza eta ez zen prêt-à-porter jardueran aritu; seriean ekoiztutako arropan salbuespen bakarra egin zuen: erretiroa hartu zuen urtean bertan, 1968an, Air Franceko hegazkin zerbitzarien uniformeak diseinatu zituen.

Hil eta mende erdira, Balentziagaren ondarea Getariako museoan dago batetik, arazoez eta irregulartasunez inguratuta sortu zen museoan. Eta, bestetik, Balenciaga etxean, azken 20 urtetan beste diseinatzaile batzuen eskutik ospea berreskuratu duen markan. Baina Balenciaga ez dago gaur egun goi-joskintzan aritzen diren etxeen zerrenda laburrean, Balentziagak ez bezala, soilik prêt-à-porter egiten baitu enpresak.

Kontua da getariarra bizirik zela ere bere moda-etxea ez zela zerrenda esklusibo horretan egon, Chambre Syndicale de la Haute Couture edo Goi-joskintzako Ganbera Sindikaleko kide ez zela izan, alegia. Hasieran, ez sartzea erabaki zuen, ez zielako elkarteko eskakizun zorrotzei men egin nahi. Aurrerago, 1950eko hamarkadan, sartzeko ahaleginak egin zituen, baina bere askatasunari eta arau propioei uko egin gabe. Ganberak bildumen aurkezpenerako egutegi zorrotza ezartzen zuen eta, 1956an, prentsa aurrean aurkezpenak nahi zituenean egiten hasi zen Cristobal, ikusgarritasuna irabazteko eta kopiak saihesteko. Ganbera zapaldu eta berehala bota zuten.

Eta, hala ere, Balentziaga eta goi-joskintza estuki loturik daude. Christian Diorrek “gu guztion maisua” zela esan zuen. Coco Chanel-ek, berriz: “Bera da jostun bakarra, hitzaren zentzurik zintzoenean; beste guztiak moda diseinatzaile hutsak gara”. Eta, azkenik, Hubert de Givenchy ikasle eta lagunak oso garbi zeuzkan, aitorpen ofizialak gorabehera: “Balentziaga goi-joskintzaren sortzailea izan zen”.