argia.eus
INPRIMATU
Arrakalak buruan…
Iñaki Murua 2022ko martxoaren 16a

Hiztegian begira aritu naiz eta arra hitzaz hasitako hirurehun hitz inguru aurkitu ditut. Aldiz, hasieran eme hitza –bere horretan– dutenak, hemezortzi. Harritu nau, euskaraz  generoa markatzen ez denez (noka edo hika ez bada) hainbesteko aldea egoteak. Baina, nire kapritxo txoro bat besterik ez da izan.

Horretan ari naizela, industrian itzain ari omen den gizonezko bati entzun diot emakumezkoak behar dituela industriak. Ez dugula industria jardunean behar besteko arrakastarik izan ahalko, emekastarik erakarri ezean produkziorako.

"Baina zertarako dugu prestigiodun lana eta soldata bikaina, egiten dugunak ez bagaitu asetzen? Dirua ala zoriona? Hortxe zagonk koska!"

Handik minutu gutxira, ildo berean doan beste berri bat: “Ingeniaritza ikasketak egiteak, lanerako atea irekitzeaz gain, soldaten arteko arrakala desagertzeko bidean jartzen zaitu”. Entzuna ez ezik, barneko mezua ere izan da nire bizitzan, matrikulazio garaietan bereziki: hala sentitu dut. Industrian lan berari soldata bera jarrita ere, zertarako da soldata? Bizitzeko bitartekoa dugu, noski, eta gure etorkizuna eraikitzeko ezinbestekoa, gainera. Baina zertarako dugu prestigiodun lana eta soldata bikaina, egiten dugunak ez bagaitu asetzen? Dirua ala zoriona? Hortxe zagonk koska!

Lanbide Eskola batean aritu naiz urteetan lanean, emakumezkorik gure ikasketetara ezin erakarrian. Askori ez zion deus esaten guk eskaintzen genionak; beste batzuek zioten ez zutela buzoarekin ibili beharreko lanik nahi, batarekin ibiltzekoa baizik; mordoa zen zer egin argi ez zeukana…

Egun, dena da buzoa eta dena da bata. Baina batak ez dakar bestea, eta soldata arrakalak bereari eusten dio. Ala txikiagoa da soldata denak txikiagoak diren neurrian? Etxetik lan egiteak sekulako abantaila omen dakar eta badakigu gure amek, amen amek eta haien amek zenbat asto lan egin zuten, ez soldata eta ez aseguru. Etorkizuna Glovo-n dator!

Hala ere pozik: txertoak iritsi baitzaizkigu, beste kolore batzuetakoei ez bezala; edo Ukrainan ez gaudelako, zoro batek mundua sutan jarri baitu beste zoro batzuen konplizitatearekin, gerra negozio izaki; bankuek irabazi neurri gabeak izan dituztelako, lehen denon dirua oparitu zitzaien egoera oneratu orduko itzultzekotan. Alzheimerra ere Cajoo, Flink, Dija, Gorillas… di-da dator ala dakarte!?