argia.eus
INPRIMATU
Santa Anara
Xalba Ramirez @xalbaram 2022ko martxoaren 10a
Amour eta toujours | Ruper Ordorika | Elkar, 2021

Disko bat entzuteko momentuak marka dezake diskoa bera. Zu ez zara bera une bakoitzean, bainatzen zaren ibaiaren pare, eta kanta bakoitzak badu bere unea.

Ruper Ordorikaren Amour eta toujours-ekin horrelako zerbait pasa zait. Logelan eguzki epela sartzen zen neguko egun batean entzunaldi berezia izan nuen, eta jo ninduen barruraino.

Jakina da Ordorika Kubara joana dela maiz, bere lagun-min eta kolaboratzaile Joseba Sarrionandiaren bisitan. Bertako esperientziari eta doinuei zerbait zor zielakoan edo, zapore eta erritmo kubatarrekin osatutako diskoa da Amour eta toujors (Elkar, 2021).

Azukre koxkorrak diskoarekin aldera daiteke. Kanta politez osatutako disko txiki bat, bitxikeria bat, kapritxo bat kasik. Inondik inora ere. Son kubatarra imitatu baino, bertan busti da Ordorika, eta bere kantak inoiz baino freskoagoak datoz, tonutik atera gabe, tronpeta lagun eta hain ohikoa ez den gitarra elektrikoarekin. Herri txikietako bandak izan ditu gogoan, eta horretan da bereziki ona lan hau, gutxirekin asko egiten du, soberan dena kanpoan uzten.

Ruperren kantei alkandora loreduna jarri, lastozko kapela eta edari hotz bat eskutan. Izan ere, kantautoreek duten izaera triste eta melengarekin ez du zer ikusirik izan inoiz oñatiarrak. Ruperren kantak bizitzaren aldekoak dira, umorez betetakoak, edertasuna lagunartean bilatzen dutenarenak. Haizea garizumakoa dugu adibide, edo Bugainbilen usaina: “Munduan nahi bada zoriona lurrera bota santuari rona”.

Amour eta toujours lako errimak zaborretara”, lan hau ez da geratzen klixean, ez ikuspegi turistikoan. Kubaren argazki humanoa egin du, azken batan, gizateria osoarenak diren uneetatik abiatzen dena: “Jendea ilaran, biharkoaz axolik gabe”.

Ilunabarra, lagunartea, denbora igarotzen utzi. Maitemintzeko musika egiten jakin du Ruperrek, agian bere lanik goxoena den honetan: “Hemen ametsetan bezala, mundua pausan da. Zein ona den sentitzea denboratik at bizitza”. Santa Anak dirudi munduko lekurik ederrena.