argia.eus
INPRIMATU
Dependentzia afektiboa
June Fernández 2022ko martxoaren 09a

Ezaguna da Edurne Pasaban alpinista tolosarraren historia: 31 urterekin, bere zortzigarren zortzimilakora igo ondoren, depresioak jota saiatu zen bere buruaz beste egiten, eta ospitale psikiatriko batean eman zituen hainbat hilabete.

Alabaina, deigarria da krisi psikiatrikoaren piztailea ez zela izan eliteko kirolari gisa zuen presioa, ezta espedizioetan heriotza gertu sumatzea ere, edota bidean bi behatz galdu izana.

Depresioa ez baitzen mendian ondu, etxean baizik. Gipuzkoara itzultzen zenean (gorputza akituta, bihotza harro) inor ez zegoen bere zain, mutil-lagunek ez zutelako bere bizimodua onartzen. Harremana apurtzen zuten, ala okerrago, azalpenik eman gabe desagertzen ziren.

“Normala da, neska, daramazun bizimoduarekin…”, esaten zioten Edurneri bere ingurukoek. Baina, orduan, zergatik taldeko gizonek emaztea zein umeak zituzten? Zergatik ez zuten familiaren eta alpinismoaren artean aukeratu behar? Hara, jakina delako emakumea dela gerlariaren atsedena, eta gerlari hori gizonezkoa dela.

Pasabani egin diodan elkarrizketan azaldu dit terapian ulertu zuela bere sufrimenduaren iturburua ez zela mendia, dependentzia afektiboa baizik. Hori landu zuenean atera zen mundura, itzuli zen alpinismora. Lortu zuen hamalau zortzimilakoak igo zituen munduko lehenengo emakumea izatea. Mendia (hura bai maitale leiala) bere zain aurkitu zuen.

"Historia horrek erakusten du Everesteko tontorrean egotea baino itogarriagoa dela patriarkatuak emakumeoi ezarritako aginte soziala"

Historia horrek erakusten du Everesteko tontorrean egotea baino itogarriagoa dela patriarkatuak emakumeoi ezarritako aginte soziala; alegia, emazte zein ama izateko jaioak garela, eta eginbehar hori gure arrakasta profesionalarekin kontrajarrita dagoela. Oxigeno falta baino asfixiagarriagoa da patu bikoitz horrek dakarren oinazea. Izan ere, ama izan nahi duten 30 urte baino gehiagoko emakume heterosexualen buruan bi ezinegon gainjartzen dira: “Norbaitek maitatuko al nau?”, “lortuko al dut nire haurren aita garaiz ezagutzea?”.

Ondoez horren genero eta klase analisia egin du Noemí López Trujillok El vientre vacío liburuan. Adierazi du (gure belaunaldian sakondu den prekarietateaz gain) harreman heterosexualak baldintzatzen dituzten desorekek ere traba egiten dutela amatasun desioa gauzatzeko bidean. Izan ere, gizonek ez dute emakumeek adina presio biologiko edo sozialik pairatzen. Horrez gain, ez diote aurre egin behar lana eta familiaren artean aukeratzeko dilemari. Autonomiarako aukera bat da borondatezko ama bakarra izatea, baina agerikoa da familia eredu horrek babes sozial handia zein baliabide ekonomikoak eskatzen dituela.

Euskal Herriko Neska Gazteak kolektiboak otsailaren 14an #SanValentHIL traolarekin zabaldu duen komunikatuak maitasun erromantikoaren ereduaren aurreko alternatiba proposatu du; amatasunaren korapiloa aipatzen ez duen arren, hori familia nuklearretik askatzeko baliogarria izan daitekeena: kalitatezko harreman sare komunitario bat ehuntzea, bikoteaz harago, lagunekin, auzokoekin edota militantzia kideekin batera.

Ekonomia feministak gogorarazi digu ez garela izaki autonomoak, interdependenteak baino. Hargatik, agian ez genuke psikologoarengana emakumeok soilik joan behar; baita gure pasioei uko egitera behartu nahi gaituzten gizon matxistek ere.

Beharbada gure dependentzia afektiboa baino arazo larriagoa da sistema patriarkal kapitalista bera; maitasuna lehenesteaz gain, gure karreraren eta familia bat sortzearen artean aukeratu behar dugula sinestarazten diguna.

Akaso, gure osasun mentala zaintzeko, terapia bezain beste behar dugu feminismoa.