argia.eus
INPRIMATU
Bakarrik eta ikaraturik
Xabier Etxaniz Erle 2022ko martxoaren 10
Tik, bakarrik. Tak, ikarak | Patxi Zubizarreta eta Maite Gurrutxaga | Ikaselkar, 2021

Benetan bitxia eta gomendagarria Zubizarretak eta Gurrutxagak eskaintzen diguten obra hau! Lehen orria kenduta gainerako guztia espazio berean gertatzen da; antzokian bageunde bezala, irakurleak agertokian (etxeko sukaldean) jazotakoak ikusi ahal izango ditu.

Hasieran narratzaileak bere burua aurkezten digu: “Nire izena da Edda (…) Ni naiz etxeko txikiena, gelako txikiena, munduko txikiena, ni Edda Arozena (…) baina nebak esaten dit: ‘Edda, Edda, logopeda!’Zergatik ote da? Zertiga teo da?” Irakurleak Eddaren bi ezaugarri nagusi ezagutzen ditu horrela, txikia dela eta hitz egiteko arazoak dituela batzuetan.

Aurkezpenetik aurrera, baina, dena gertatzen da sukaldean. Afaria prestatzen ari dela dei bat jaso eta korrika irten behar du Aitak ospitalera; Danel geratuko da orduan Edda zaintzen. Neskatilak, baina, heldu batekin egon nahi du eta aitari deituko diola dio; nebak ez dio uzten eta orduan amari deitzen dio. Amak haur eskolako albuma begiratzeko esaten dio, Eddak, aldiz, ipuin bat kontatzeko eskatzen amari; eta, horrela, honek hegaztien erregearen istorioa kontatuko dio, nola txepetx txikiak lortu zuen hegaztien erregina izatea: “Horra hor txikiena bilakaturik handiena”.

Istorioak aurrera jarraitzen du eta sukaldeko horma-erlojuak paper nagusia hartzen du kontakizunaren erritmoan. Gurrutxagak espazioaren gelditasuna eta mugimendua ederki islatzen ditu; dena geldi dagoela dirudi baina denborak dena aldatzen du apur bat. Horretaz gain, amaieran birramona bisitatzera doazenean ere sukaldeko irudia ageri zaigu ilunetan eta leihotik, urrutian, birramonaren etxeko eszena.

Istorio oso polita kontatzen zaigu eta oso modu poetikoan hainbatetan. Bakarrik gaudenean, babesgabe gaudenean, segundoak luzeagoak egiten zaizkigu, denbora geldoago pasatzen dela sentitu ohi dugu. Eta horixe da Eddari gertatzen zaiona. Tik, tak, bakardadea eta ikara sentitzen ditu neskatoak, harik eta beldurra uxatu eta bera izan arte Danel kontsolatzen duena.

Arestian aipatu bezala, kontakizun bat baino antzezlan baten aurrean gaudela ematen du. Albumaren erabilera, alde horretatik, aparta da istorioan zentratzeko, Eddaren garapena ikusteko eta eguneroko istorio hunkigarriaz irakurlea gozarazteko, narrazio eta ilustrazio aparten bidez.