argia.eus
INPRIMATU
Nork nori zer berri
Inma Errea Cleix @inmaerrea 2022ko martxoaren 03a

Ni ohartuta, bizpahiru alditan gertatu zait, eta orotan ezin sinetsirik gelditu nintzen: nola azaltzen ahal zidan batek berea izanen balitz bezala ez oso aspaldi nik hari adierazitako ideia edo argudio bera?

Hain harrigarria dirudi, hain sinesgaitza, non gertatu zitzaidan guztietan isilik gelditu bainintzen, mutu: nik neuk zalantza eginda ideia edo argudio hura benetan nirea zen edo haluzinazio baten biktima nintzen.

Baina izena duen oro badenez –eta izena ingelesez bada, izatea ziurragoa da–, aurkitu dut fenomenoaren berri: hepeating-a omen, gizon batek emakume bati egiten dionean –kasu gehienetan, antza– eta wheapeatinga, zuriek beltzei egiten dietenean. Niri gizonekin gertatu izan zait.

"Zer mekanismok bultzatzen du pertsona bat beste bati aditutako zerbait (ez edozer, baizik eta zerbait orijinala, berritzailea edota interesgarria) bere egitera kasik ohartu gabe?"

Fenomenoaz irakurri ditudan gauzetan ez da argitzen hepeatingean ari dena jabetzen ari denetz zertan ari den. Jakina, lehiakortasun handiko giro eta bilkuretan guztiz oharturik jardunen dute egileek, jokabide hori (inoren ideia bat aditzea ageriko garrantzirik eman gabe, eta geroago ideia hori norberarena balitz bezala baliatzea) oso errentagarria izan daitekeelako.

Baina ez da beti horrela. Niri gertatu zitzaidanean ez zegoen ezer jokoan –solaskideen egoez gain–, eta horrek harrigarriago bihurtzen du jokamoldea. Horregatik iruditzen zait hori egiten dutenak oharkabean ari direla batzuetan. Eta hala bada, galderak datoz ausarkian: zer mekanismok bultzatzen du pertsona bat beste bati aditutako zerbait (ez edozer, baizik eta zerbait orijinala, berritzailea edota interesgarria) bere egitera kasik ohartu gabe? Eta zergatik da ohikoagoa gizon batek egitea emakume baten ideiekin, edo zuri batek beltz batenekin –oro har sozialki edo hierarkikoki ahaltsuago-edo jotako batek ustez ahulago den batenekin–?

Galdera horiek ez dira erretorikoak, eta hipotesi kezkagarriak ekar ditzakete: hain errotikoak dira guregan genero-, arraza-, gizarte- edota klase-ezberdinkeriak, hain sustraituta ditugu inkontzientean desparekotasunak, non batek bere buruari baimen erabatekoa ematen ahal dion, eta lasai egin, beste pertsona baten ideien jabe egiteko?

Iturria aipatu gabe beste baten ideia errepikatzen duenak inkontzientearen sakonenean al du gorderik bere burua bestearena baino estimu handiagoan duelako sinesmen hori?

Eta noraino ote dago gizateriaren historia halako mikrolapurretez betea, noraino dugu barneraturik, normalizatuta, halakoen zilegitasuna?