argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Pegatina bat
Ula Iruretagoiena 2022ko martxoaren 03a

Erakusleihoko kartel batek aurki negozio-uzteari ekingo diotela dio, dendako produktuak azkenekoz erosteko aukera abiaraziz. Dendariak esango digu erosteko dinamikak aldatuz joan direla, merkataritza-gune handien fenomenoari online salerosketen gorakada gaineratu zaienean, zaila dela negozioari eustea. Denbora luzez kaleko helbide berean mantendu diren denden itxierek kalearen izaera eta auzoaren ulerkera baten bukaera iragartzen dute. Denda historikoen agurrek enpatia kolektiboa sortu ohi dute, agortzen den aro baten amaierek ekartzen duten tristura. Denon gogora etorriko diren “betiko denda” horiek belaunaldi baten heriotzarekin batera desagertuko dira gure auzoetatik.

Kalea dendaren erakusleihoaren diseinuarekin gogoratzen dugunean, denda “beti” leku horretan irudikatzen dugunean, denda hori salerosketa leku bat baino gehiago bilakatzen da. Kalearen parte izandako denda hauek istorio humanoz beteriko espazioak dira, izen-abizenekin agurtzen diren elkarrizketak jasotzen dituzten lekuak, garai bakoitzak ekartzen dituen berritasunei egokitzeko sormen ariketez beterik, auzo baten bilakaeraz hitz egiten dutenak (Uxue Alberdiren Dendaostekoak, horren isla).

Askotan, denda hauek garai bateko denda-diseinu eta grafikagintza gordetzen dute. Material noblez eta artisau elementuz jositako erakusleihoetan egiteko modu bat dago, eta normalean kolore xume eta argiztapen motela izaten dute. Horrelako denden ordezkaria frankizia bat denean, kalearen itxura zeharo aldatzen da. Izaera berezirik gabeko diseinu eta grafikoekin apainduko da denda berria, irudi deigarriagoak eta eguneratuak denbora laburreko bizitza izango duen denda kontzeptuari erantzuten dio, bost urteren langa gainditzea gauza handia bilakatzeraino. Denbora gutxiegi auzo-harremana eraikitzeko.

Herriguneko lokalak salmenta kartelez josi eta husten diren bitartean, hirietako aldiriak bete egiten dira. Saltoki handiek eta online banaketarako logistika biltegiek espazio eskaera handia dute, eta paisaia urbano hau Jaurlaritzaren baimenarekin burutzen da. Bitartean, herrietako denda txikien ateetan pegatina batek bertan erostera deitzen gaitu, hemengoari laguntza eta babes eske. Erresistentzia diren gotorleku-denda hauek pegatina batekin ari zaie eusten David eta Goliaten arteko lehiari.