argia.eus
INPRIMATU
Gorputz ziklikoak
Eva Perez-Pons Andrade @Eva__96 2022ko martxoaren 03a

Hamabost urte izango dira hilekoa dudala, eta ausartuko nintzateke esatera oraindik ez naizela ohitu hilero nire gorputzak pairatzen dituen aldaketetara, hilekoa ez baita soilik egun batzuk irauten dituen odol fluxua.

Zintzoki aitortuko dut nire burua denbora luze ibili dela sexu-genero sistemaren narratiba hegemonikotik at dagoen bollera transfeminista identitate idealari heldu nahian, baina gorputzak intermitenteki ihes egin diola. Ze, batzuetan, kontrolaezina da. Mingarria da arrazionaletik emozionalerako salto hori. Are, borroka horren erdian zure gorputzari aukeratu eta nahi ez duzun prozesu zikliko baten ondorioz titiak puztu eta aldakak zabaltzen zaizkionean. Mingarria eta nekagarria.

Ezin gara egoera egonkorretan definitu, batzuetan fuerte gaude eta beste batzuetan ez horrenbeste, zaurgarritasun horretan ulertu behar ditugu gure gorputzak, eta baita gure identitateak ere. Ulertu behar dugu generoa naturala ez den era berean, gorputza ere ez dela naturala, eta beharrezkoa dela hari entzutea. Guztiz zilegia baita ongi sentitzeko hautuak hartzea, nahiz eta jakin betirako izango ez direla, helburua prozesua delako, eta ez emaitza.