argia.eus
INPRIMATU
Gorde ondo arrautzak!
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2022ko martxoaren 03a
Lukiek #2 | Lukiek | Autoekoizpena, 2021

Mungiako talde gazte hau hiru azeri zaharrez osatuta dago: Anton Goikoetxea (baxua), Christian Rodriguez (bateria) eta Josu Ximun (ahotsa eta gitarra). Oharkabean sortu zen hirukoa, pandemia aurretik, eta 90eko hamarkadako soinuak erreibindikatuz kontzertuak egiten hasi eta lan bat argitara eman zuten. Beste talde batzuetan ere badabiltza kideak eta horietako batek –Belako– agenda estua izaten du. Bada, pandemia garaian buru-belarri jarri dira lan hau prestatzen.

Lukiek #2 lan borobila da; freskoa, bat-batekoa, baina aldi berean helduleku asko dituena. Lukieki buruz esaten da “euskaraz abestutako rock alternatiboan” dabiltzala. Eta hala da: mila urte pasa badira ere, bazen ordua –salbuespen oso gutxirekin– bizkaiera kantetan plazaratzeko, eta gero eta estilo zabalagoetan, gainera. Eta lan honek badu hori, bizkaiera peto-petoa (edo ez) eta musika estilo paleta oso anitza.

SnK kantak hard-rockaren eta 70eko hamarkadako rockaren ertzean jaio eta gerora pop-rockaren eta post-rockaren arteko orekan egiten du aurrera. Fluoreszenteak-ek sinplea dirudi, baina Pixies-en zigilua duten melodia barnerakoi eta dantzagarriak ditu. Eroan zaittue Magazine-ren pareko gitarra gardenek gidatzen dute eta Alemaniako kutsua ere badu, ederra! Izate iragankorrak kokatu daiteke grunge-aren zikintasun eta gordintasunean (TAD gogoan), nahiz eta gero leundu eta oso popero bilakatu. Klonoa-n laminek abestuko digute; kontuz! Sorginorratz pausatuagoa da, misteriotsuagoa eta psikodelikoa, ia-ia epikoa. Soro baten zoro bat-ek izenari justizia egiten dio, indarra, esperimentazioa, Primus eta erritmo sasi-industrialak batuz. Horren ostean, hiru sasi-ipuin ekarri dituzte: Gaztelua pieza akustikoa; Sorgina pieza instrumental kiribildu eta pisutsua; eta Geziak martzial eta epikoa. Eta bukatu aurretik, etxafuegoak: Obabatxue kanta erraldoia da: Al-Andaluseko ahaztutako talde progresibo handi haien parean lo-kanta misteriotsu bat kiribiltzen duen kantutzarra. Noisea eta rock pisutsua melodiarekin batzen dituen Tzar abestiak ematen dio akabera diskoari.