“Ez dizut ukatuko pena pixka bat ematen didanik kateak deskatalogatuta edukitzea, badakit bizilegea dela. Onartzen dut tristura puntu batekin, baina trauma handirik gabe” (Xabier Euzkitze).
Batzuetan gertatzen da buruan bueltaka dabilkizuna bat-batean idatzita ikustea. Horixe bera gertatu zitzaidan Xabier Euzkitzeren hitz horiek irakurri nituenean. Hitzez hitz sinatuko nituzke oraintxe hor esandakoak. Gai bera aspaldi nerabilen bueltaka baina ez dut orain arte sentipen horiek hitzetan ipintzeko ausardiarik bildu. Ziurrenik gure herri maite honetan lotsa handia daukagu hainbat gauzez hitz egiteko orduan. Ez dugu gure alde tristea azaldu nahi izaten, badirudi behartuta gaudela zoriontsuak garela esatera. Kalean aspaldi ikusi gabeko lagunarekin topo egitean bezala. Zer moduz galderari beti “ondo” erantzutea, nahiz eta barrutik kristo bat egina egon, banatu berria eta lan (diru) kontuekin larri. Baina erantzuna beti “ondo”, gezur galanta bada ere. Zergatik ez gara egia esatera ausartzen? Lotsagatik, gure barruak aireratzen ez hasteagatik, besteari bost axola zaiolako agian…
"Adin batetik gora dugunoi gertatzen ari zaigu, merkatutik kanpo geratzen ari gara. Gizarte honek gazteen gorazarrea egiten du"
Adin batetik gora dugunoi gertatzen ari zaigu, merkatutik kanpo geratzen ari gara. Gizarte honek gazteen gorazarrea egiten du. Gure arloan diskriminazio positiboa dago gazteen alde, emakumeen alde, emakume gazteen alde… Eta ez nago kontra. Baina ofizio honetan bizitza osoa pasa dugunok ez al dugu gure lan-bizitza bertan bukatzea merezi? Gainera, eskarmentua bilduta daukagu, esango nuke egun gazte garaian baino hobeto ezagutzen dugula ofizioa. Gazte garaian ausardia bai baina ezagutza gutxi. Gure belaunaldiari zerotik hastea tokatu zitzaion gainera, eta orain gure ibilbidearen azken zatian sartu garenean, zerora hurbiltzen ez ote garen ari susmoa hartzen ari naiz. Eta bitartean etxeko tiraderak bidean geratu eta geratzen diren egitasmoz betetzen darrai. Adin batera iritsi zaren seinalea da tiradera horretan daudenak gauzatu dituzunak baino gehiago direnean.
Nik ez dut erretiroa aukeratu, baina konturatzerako gertuago gaude jubilazio adinaren ataritik, nahiz eta lanean segitzeko gogoak ez diren desagertu. Eta horri gehitu behar zaio gure ofizioaren ezaugarriengatik asko kotizatu ez dugunez pentsio ziztrin batekin konformatu beharra. Euzkitzek dioen bezala: traumarik ez baina bai tristura puntu bat.