argia.eus
INPRIMATU
37°C, osasunaren eta gaixotasunaren arteko muga
  • Carl Reinhold August Wunderlich mediku alemaniarrak ia 20 urte eman zituen 25.000 pazienteren gorputz tenperatura behin eta berriro neurtzen.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2022ko martxoaren 02a
Carl Reinhold August Wunderlich aitzindari izan zen gorputz tenperatura neurtzen eta sukarraren muga ezartzen.
Carl Reinhold August Wunderlich aitzindari izan zen gorputz tenperatura neurtzen eta sukarraren muga ezartzen.

Leipzig (Alemania), 1850. Carl Reinhold August Wunderlich (1815-1877) mediku eta psikiatra aitzindaria hiri horretako unibertsitateko irakasle eta ospitaleko zuzendari izendatu zuten. Pedagogia klinikoa landu zuen bertan, baita diagnosi metodologia zorrotza eta pazienteen behaketa enpirikoa ere. Pazienteen tenperatura neurtzen jarri zuen bereziki arreta, eta sukarra gaixotasuna ez zela aldarrikatu zuen, sintoma baizik. Ospitaleetan tenperatura taulak erabiltzea bultzatu zuen eta etsenpluaren bidez predikatu zuen: ia 20 urte eman zituen 25.000 pazienteren gorputz tenperatura behin eta berriro neurtzen eta, guztira, 1.000.000 datu inguru jaso zuen. Kontuan hartu 30 cm inguruko termometroaz hartzen ziela tenperatura eta 20 minutu behar izaten zirela datua lortzeko.

Lan horren guztiaren ondorioa ere atera zuen: sukarraren muga, batez beste, 37°C-tan ezarri zuen. Baina “batez beste” hori azpimarratu zuen. Gorputz tenperaturak gorabeherak izaten ditu egoera batetik bestera, pertsona batetik bestera, eta ez da muga garbia. Horregatik, ateratako ondorioak 1°C-tako akats marjina zuela aitortu zuen, hau da, sukarraren muga 36,5°C eta 37,5°C artean zegoen.

Wunderlichek erabilitako termometroetako batzuk gorde dira, eta ikerleek ikusi dute ez zeudela ondo kalibratuta

Wunderlichek erabilitako termometroetako batzuk gorde dira, eta ikerleek ikusi dute ez zeudela ondo kalibratuta. Medikuak pazienteen besapean hartu ohi zuen tenperatura, eta emaitza, ahoan edo uzkian hartutakoekin alderatuta, baxuagoa izan ohi da. Tarte hori berdindu ez ezik, gainditu egiten zuten Wunderlichek erabilitako termometro klinikoek; gaur egun badakigu sukarraren batez besteko muga pixka bat baxuagoa dela, 36’8°C-tan dagoela.

Baina arazoa ez zen 0,2 graduko akats hori, hainbesteko bilketa lana egin ondoren ezarritako gradu bateko marjina desagertzea baizik. Wunderlichen lana ingelesera itzuli zutenean, gradu zentigradoak Farenheit graduetara pasa zituzten eta, beraz, muga 98,6°F-tan ezarri zuten. Baina 1°Cko akats tarte hori zuzenean pasa zuten; Farenheit gradu bateko tartea Celsius gradu batekoa baino askoz txikiagoa eta, beraz, itzulpenean tartearen erdia galdu zen, gutxi gorabehera.

Garai bertsuan, Florence Nightingalek (1820-1910) estatistikek medikuntzan zuten garrantzia aldarrikatu zuen. Nightingaleren ekarpena funtsezkoa izan zen medikuntzan eta erizaintzan, baina zehaztasunaren izenean estatistikak orokortzeak dituen arriskuak agerian uzten ditu gorputz tenperaturaren kasuak. Itzulpenak murriztutako akats marjina hura erabat desagertzea eragin zuen, eta Wunderlichen 20 urtetako lan eskerga nolabait baliogabetzea.

Egun, 37°Cek markatzen dute osasunaren eta gaixotasunaren arteko muga. Eta, azken bi urteotan, eguneroko bizitzarekin jarraitzearen eta egun batzuetan isolatu behar izatearen arteko muga ere bai askorentzat.