Brasilgo hego-ekialdeko kostaldea, duela 2.500 urte. Mende luzez nagusiki itsaskiez elikatzen ziren komunitate egonkorrak desegiten hasi ziren, sambaquien tamainak eta kopuruak behera egiteak adierazten duenez.
Sambaqui edo maskortegiak komunitate horiek kontsumitzen zituzten itsaskien hondakinez osatutako muino artifizialak dira eta, beraz, horiek aztertuta, gauza asko jakin daiteke populazio gune horiei buruz.
Zenbait adituk uste izan dute zeramika eta nekazaritza hedatu zirenean etorri zela maskortegien gainbehera. Beste elikagai iturri batzuk izanda, arrain eta moluskuekiko menpekotasunak behera egin zuen, eta, maskortegiak gutxitu ziren. Baina Alice Toso eta André Colonose ikerlariak buru dituen talde batek teoria hori irauli du guztiz, Nature Scientific Reports aldizkarian jakinarazi dutenez: jarduera ekonomiko berriek ez zuten eragin bizibide zaharra baztertzea; bizibide hura agortzeak ekarri zuen jarduera konplexuagoak garatzeko beharra.
Eta horren oinarrian klima aldaketa dago. Duela 2.500 urte inguru klima hozteak itsas mailak behera egitea eragin zuen. Tosoren hitzetan, “badiak eta aintzira txikitu egin ziren, ondorioz itsasoko baliabideak gutxitu ziren eta, gainera, ez zen erraza horiek aurreikustea. Azkenean, komunitateak barreiatu behar izan ziren, eta unitate sozial txikiagoak osatu izan zituzten”.
Brasilgo sambaqui kontzentraziorik handiena Babitongako badian dago eta ikerlariek bertako giza, animalia eta landare arrastoak aztertu dituzte maskortegien kulturaren gainbeheraren kronologia zehazteko. Historiaurreko populazio gune horiek bat batean itsasoko baliabide geroz eta eskasagoengatik lehiatu behar izan zuten eta egokitzapen prozesu hori asko luzatu zen, mila urte baino gehiago, zeramika duela 1.200 urte inguru hedatu zela ondorioztatu baitute.
Finean, ikerlan horrek nabarmen adierazten du kostaldeko komunitate egonkorrak, kooperazio eta erresilientzia maila handikoak izan arren, erraz desagertu daitezkeela klima aldaketaren eraginez.