argia.eus
INPRIMATU
Kaleak betetzeko antolatu gaitezen
Irati Tobar Eguzkitza 2022ko otsailaren 22a

Hilabeteren buruan feministok emakume* langileon egunean kaleak hartzera aterako gara. Urteroko zita dugu, urtez urte gogoz antolatu eta prestatu duguna. Pasa den astean atzera begirada arin bat egin genuen Portugaleteko asanbladan, 2018ko eta 2019ko greba feministak oroituz.

Grebaz greba sistema jo-puntuan jarri eta, besteak beste, sexuan oinarrituriko lan banaketak emakumeongan* sortzen dituen zapalkuntzak salatu genituen. Are gehiago, emakumeok dohainik eta maitasunaren izenean egiten ditugun zaintza-lanak egiteari uzteko deia egin genuen, lan horiek bizitza sostengatzen dutenak izanik, planto egin eta mundua kolokan jarriko genuelakoan.

"2020ko lelo eta asmoari heltzeko beharra dugu, mugimendu feministan antolatzearen ezinbestekotasuna plazaratu behar dugu"

Ez ginen bakarrak izan, ez eta lehenak ere. Argentinako kideek jarri zuten lehen harria, herrialdea egun batez guztiz geldituz. Euskal Herrian lekukoa hartu genuen, eta beste lurralde batzuekin batera kaleak hartu genituen. Arrakasta berehalakoa izan zen. 2019an sistema heteropatriarkal kapitalistaren aurrean bizitzak erdigunean jarri behar genituela aldarrikatu genuen. Arrakasta errepikatu egin zen. Euskal Herriko mugimendu feministak auto-antolakuntza lan izugarria egin zuen, greba feministak historikoak izan ziren.

2020ko martxoaren 8a igandea izan zen. Grebarik ez genuen deitu, baina bai ordea kaleak hartu. Antolatzearen beharra eta indarra izan ziren ardatza: “Antolatu indarrak, batu borroka feministara. Aurrean izango gaituzue!” lelopean. Hortik hilabete gutxitara COVID-19ak sortutako egoeraren ondorioz etxean sartu gintuzten, konfinatuak izan ginen. Birusaren kutsatzearen errua mobilizazio horietan parte hartu genuen subjektu feministena izan zela sinestarazi nahi izan ziguten. Esanak esan, herritar guztiak etxean geunden, kalera erosketak egitera zein funtsezkoak diren enpleguetara joateko ateratzen ginen soilik. Mobilizazioak edo edozein protesta egitea denbora eta esfortzu asko kostatu zaigu. Oraindik orain kostatzen ari zaigu.

2020ko lelo eta asmoari heltzeko beharra dugu, mugimendu feministan antolatzearen ezinbestekotasuna plazaratu behar dugu. Mugimendu sendoa izan dezagun; antolatu, eragile anitz eta askotarikoen artean subjektu feminista, borrokaren subjektua, indartu, batu eta kohesionatu behar dugu. Hasitako bideari jarraipena ematea dagokigu. Erronka potolo bat jarri digu pandemiak parez-pare, geure begien aurrean: zaintza merkantilizatzeari uzteko eta emakumeok* zaintza-lanak maitasunaren izenean dohainik egiteari uzteko, Zaintza Sistema Publiko Komunitario baten borroka eta eraikuntza. Erronka horri aurre egiteko, beharbada, borroka-molde ezberdinak baliatu beharko ditugu, greba barne. Beraz, antolatu gaitezen eta kaleak bete, 2022ko martxoaren 8a ate joka dugu.