Bizitza honetan gehixeago gustatzea gustatuko litzaidakeen gauza bat da kafetegia. Ea, azal dezadan ondo: gustatzen zaizkit kafetegiak, zer esanik ez izena ematen dien edaria, ahal dela halako batean lotzen ditut zitak; baina, saiatu arren, ezin izan dut sekula kafetegietan irakurri, adibidez, are gutxiago idatzi, elementu gehiegi daude nire arreta bereganatzen dutenak, hasteko kafe –edo dena delako– edaleak eurak. Ez naiz, ondorioz, eta nire zoritxarrerako, kafetegi irakurle-idazlea. Beste bat da Antoni Martí Monterderen kasua, zeinak idatzi baitzuen Poética del Café saiakera esanguratsua.
Bere tesia da kafetegiak gabe ezin izango litzatekeela modernitateak ekarri zuen idazketa eta, are gehiago, modernitatearen ideia bera esplikatzea. Modernitatea bada hitzaren zibilizazioa, mendebaldekoa izan bada, hainbeste denboraz, elkarrizketaren kultura, da kafetegietako bizitzak hartu duelako leku zentrala. Kafetegia baita leku bat, espazio bat, instituzio bat, izena ematen dion edaria edateko tokia baino puskaz harago doana: bizitza arruntaren etena gertatzen da bertan, eten horretatik hain justu bizitza bera pentsatzeko aukera emanez. Ez da hainbeste errealitatetik apartatzea, baizik eta distantzia hartzea, distantzia kritiko, ironikoa, bakartasunari ihes egiteko, elkarrekin pentsatzeko, hiria biziarazteko. Josep Plak idatzi zuen: “Dena gertatzen zen Kafetegietan, eta Kafetegietan gertatzen ez zena ez zen existitzen. Kafetegiaren gainbeherak berarekin dakar zibilizazio oso baten gainbehera”.
Kafeak dakar, halaber, eta hedaduraz kafetegiak, adimenaren kitzikatzea, esna-aldiaren luzatzea, heterodoxiaren biziagotzea. Beste debate bat da kafeak hutsa, ebakita, esnearekin behar ote duen –Borgesentzat azken hori omen zen nahasketa gaindiezina–. Gurean, ordea, ez ote garen izan tradizionalki kafetegi baino taberna zaleak. Zer nahi duzue, hori du bere merituen artean kalimotxoa asmatu izanaren herria izateak.