“Kontuz, ordutegi babestuan gaude!”, “Ez dakit hau esan daitekeen…”, “Barkatu, nahi gabe izan da…”. Mahai bueltan ikusten ditut, aurrekoaren berbak zelatatzen, ez ote dion baten bati “ergel”, “ipurdi”, “titi”, “txortan”, “tanpoi” edo halako basakeriarik ihes egingo. Monty Pythonen estilora imajinatzen ditut, “Jehova!” barik, “joder!” esan duenari harrikadaka.
“Kontaiguzu zelako berritasunak dauden Urliaren kasuan”. Paso eman diote segidan lankide bati. Emakume eta ume erailak, kolpatuak, zatikatuak, barreiatuak, satsa balira bezala part botatakoak. Azken xehetasun morbosorainoko guztia kontatuko du.
Hitz potolo edo gordinak etika eta estetika kontuengatik galaraztea eztabaidagarria izan daiteke, baina haurreriaren talde soziala aitzakiatzat erabiltzea, ezin hipokritagoa dela esango luke edonork. Gutxienez.
Duela zenbait urte ikusi ahal izan nuen zelan AEBetako kate batek pixelatu zituen Ponpeiako mosaikoak eta Picassoren Avignongo damatxoak. Eskandalagarriegiak, antza. Egoera eta jarrera arruntetan dauden gero eta gorputz atal eta irudi gehiago pixelatzen, ezabatzen eta ezkutatzen dira, pornografia misogino eta basatia mugagabe zabaltzen den bitartean.
"Egiten duguna sekula ez da aske erabaki duguna. Testuingurua eta azpiko indarrak hartu behar dira kontuan. Norberaren jokabideak aztertu eta kontraesanak onartu"
Jokabide hipokrita benetan, lehenbizikoan aritzen diren berberek bigarrenekotik dirua ateratzen dute eta.
Hipokrisia hauek guztiak puritanismoz jantzita datoz. Esan genezake azalezko puritanismo hori jokabide arbuiagarriak estaltzeko erabiltzen dela, nolabaiteko zintzotasun geruza emateko. Baina harago ere badoa.
Andrak santa eta emagaldu artean bereiztea ezinbesteko pieza izan da historikoki sistemarentzat. Emakumeengandik espero diren rol nagusiak dira biak: zaintzailea eta puta. Gizonek, gizon izateko, gutiziatu eta lortu behar dituztenak, beste edozein ondare legez.
Emakumeok jantzi horiek aspalditik daramatzagu estu. 60ko hamarkadan hasitako askapen sexualak zerikusi handia izan zuen horretan. Baina gogora dezagun askapen sexual hori emakumeon plazera eta desira askatzera zetorrela, ez gizonen plazer eta desirei bidea erraztera. Bigarrena kaiola berbera baino ez da, arropa gutxiagorekin bada ere. Marra fin horrek bereizten ditu subjektu eta objektua eta ez ekintzak berak.
Puritanismoaren goraldia termino horietan aztertuz gero, esan genezake markoa lehengora itzultzeko ahalegina izan litekeela. Emakumeon gorputza gauza zikina da. Hau conditio sine qua non da emakumeon gorputzen kontsumorako. Ezkutatutakoaren desira handiagoa da berez. Baina, gainera, ze hobe kortse bat baino, kortse horretatik askatu behar garela konbentzitzeko? Hipersexualizazioak ez luke gaur egun horren ondo funtzionatuko, berarekin batera puritanismo lerro bat zabaldu izan ez balitz.
Egiten duguna sekula ez da aske erabaki duguna. Testuingurua eta azpiko indarrak hartu behar dira kontuan. Norberaren jokabideak aztertu eta kontraesanak onartu. Egin dezala nork bere gorputzarekin nahi duena, baina ez diezadatela saldu ekintza feministatzat Gabonetako mahats artean.
Entzuten dugun musika ere ez da entzutea erabaki duguna, belarrietatik indarrez sartu digutena baino. Ikusi, bestela, zer gertatu den Espainiak Eurovision-era eraman behar duen kantarekin. Andra-subjektuak bidaltzeko hautua egin zuen jendeak, baita aipatutako puritanismoa salatzen zuen bat ere, baina andra-objektuaren irudikapena bidaltzea erabaki zuten agintzen dutenek.
Negozio handia gara, dolar asko mugitzen dituena. Funny videos batzuez eta prostituzioaren erreserba armadaz, hurrengo batean.