argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
1.000 euro
  • Hilabetean zenbat diru behar duzu bizitza duin bat eramateko?

Ula Iruretagoiena 2022ko otsailaren 14a

Erantzunaren bilaketa gatazkatsua gerta dakiguke, beharrezko dugunekoa kontradikzioz beterik azaldu dakigukelako, bizimodu eta kontsumo ereduan arrakalak irekitzera tentatzen eta etorkizunari begira jartzen gaituelako. Indibidualki galderari erantzuteko zailtasunak badaude, pentsatzen dut politikariak gutxieneko diru sarrera duinaren zenbatekoa ezartzeko garaian –enpresarien negoziaketa mahaira eramateko–, buruhauste handiak izango dituztela, bizi-baldintza duinaren eta lan-soldataren arteko lotura justu bat egin nahi bada, bederen.

Kasuistika zabala denez, soldataren finkapenak ñabarduraz josita egon beharko luke. Ze ez da gauza bera Murtzian edo Donostian bizitzea, zaintzapean norbait izatea edo ez, gaixotasun kronikoren bat pairatzea zeinak medikalizazio bat behar duen, edo herentzia handi baten esleiduna izatea. Denok ez dugu diru behar berdina bizitza duin bat aurrera eramateko. Enpresariekin gutxieneko soldata finkatzearekin batera, beste hainbeste baldintza gainbegiratu behar dira: elektrizitatea, gasa, ura, hiri-zergak eta garraio publikoaren prezioek finkatzen duten egunerokoaren gastua, osasun publikoaren babes-maila eta zaintza lanek ekonomiaren zirkuituan duten pisua. Bestela, tranpa egitea da.

Eta tranparen parte ere bada etxebizitza higiezinen merkatuaren egoerarekin batera ez eragitea. Etxebizitza aferak ertz asko dituen arren, muina zera da: etxebizitza espekulatzeko tresna bilakatzen dela, negozio edo inbestitze-leku, eta sistemak –errenta aitorpeneko onurak, udal plangintzako arauak, fiskalizazio ezak– babesa ematen diola. Hirian eta lurraldearen gain sortu daitezkeen enpresarientzako diru-onurak ondo egon daitezke, baldin eta interes orokorrak neurriko itzulpenik badu, eta ekuazioan testuinguru sozial eta naturalaren gaineko ondorioak kuantifikatzen badira. Soldata baten prezio-duintasunak gizarte baten ereduaz hitz egiten duelako.