Liverpool (Erresuma Batua), 1981eko uztailaren 28a. David Moore 23 urteko gaztea Toxteth auzoko kaleetan zebilen, lagunekin geratuta zegoelako. Falkner Square ingurua sutan zegoen eta polizia protestariak sakabanatzen saiatzen ari zen. Baina inor gutxi zegoen Toxtetheko liskarrei begira...
Gau hartan, handik 250 kilometrora bestelako suak piztu ziren Londresko zeruan. Biharamunean Karlos Galesko printzea eta Diana Spencer ezkonduko ziren eta, ospakizunen artean, su artifizialen ikuskizuna antolatu zuten. Milioi erdi pertsona inguru bildu ziren Hyde Parken suak ikusteko.
Margaret Thatcherren kabinetearentzat distrazio bikaina izan zen hura, ezkontzaren distirak zabalik zeuzkan fronteak itzaltzeko balio izan ziolako, tarte batean behintzat. Irlandan IRAko gose grebalarien egoera larria zen. 28an bertan Gerry Adams grebalarien senitartekoekin bildu zen, heriotza gehiago saihesteko ahaleginetan. Thatcherren erantzuna: heriotzen erantzule bakarra IRA bera zen.
Horrez gain, Erresuma Batua industria krisi larrian murgilduta zegoen. Langabezia eta pobrezia datuak bereziki larriak ziren Merseyside eskualdean, Liverpool hirian eta, bereziki, Toxteth auzoan. Ez da harritzekoa uztailaren hasieratik istiluek auzoko kaleak hartu izana. Thatcherren erantzuna: poliziaren errepresioa.
David Moorek desgaitasun bat zeukan; herrena zen. Polizien Land Roverra Falkner Squaren sartu zenean, ez zen ihes egiteko gai izan. Autoak Moore harrapatu eta berehala anbulantzia iritsi zen, baina, iskanbila betean, zaila zen ospitalera iristea. David Sullivan anbulantziako gidariak gerora esan zuenez, “ahalik eta azkarren ospitalera eramaten saiatu ginen, baina ez genuen lortu”. David Moore bidean hil zen.
Biharamunean, 600.000 pertsona baino gehiago bildu zen Londresko kaleetan ezkontza bertatik bertara jarraitzeko. Telebistaren bidez, mundu osoan, 750 milioi pertsonak ikusi zuen ekitaldia zuzenean.
40 urte eta gero, milioika pertsona dago oraindik Buckinghamera begira. Britainiar errege familiaren gorabeherak kontatzen dituen The Crown telesaila azken urteotako arrakastatsuenetakoa da, eta Kristen Stewart aktoreak Oscar saria irabazteko izendapena jaso berri du Spencer (Pablo Larrain, 2021) filman Dianaren rola jokatzeagatik. Baina inork ez du David Moore gogoan.