1897an Nikolay Veselovsky arkeologo errusiarrak metro bat luze ziren metalezko hainbat hodi aurkitu zituen Maykop hirian, Kaukaso inguruan.
Luzaroan uste izan da zetro modukoak zirela, baina berriki Errusiako Zientzia Akademiak Antiquity aldizkarian argitaratu duen ikerlanaren arabera, ontzi komun batetik garagardoa edateko erabili zituzten.
Mesopotamian antzeko objektuak aurkitu izan diren arren, hauek 1.000 urte zaharragoak dira, eta ikerlarien hitzetan, “gizarte hierarkizatuetako edari alkoholdunen kulturaren hastapenak hobeto ulertzen lagunduko dute”.