argia.eus
INPRIMATU
Fikzioaren gramatika VI: (kalkoen) kalkoak
Edu Zelaieta Anta 2022ko otsailaren 10a

(Fikzioa omen da komunikazioa, norberaren interpretazioa ez bezala. Fikzioa omen da egia, gezurra ez bezala. Fikzioa omen da errealitatea, fikzioa bera ez bezala. A. Alieva)

Nork nori hartzen dion kopia. Nork zer imitatzen duen. Teknologia digitalak direla medio, afera ezin postmodernoagoa dela eman lezake; halarik ere, kontua aspaldi zaharrekoa dela erakusten dute hainbat testigantzak. Adibidez, gizakia animalia mimetikoa dela adierazi zuen Aristotelesek, eta imitazio bidez ikasten eta sortzen omen du.

Arazoa, debatea, edo dena delakoa ez da originaltasunaren auzi filosofikoa; horretarako, besteak beste, irizpide erresolutiborik ez duzu. Argiago, hagitzez ere, ikusten duzu hamarkada batzuk daramatzagula kalkoaren kalkoarekin, telebista masa kontsumo bihurtu zenetik. Harrezkero, ikus-entzunezko formatu berriagoek abiadura azkartu eta paradigma sendotu baizik ez dute egin. Musika komertzialean, konparaziorako: melodietan, letretan, interpretazioan, bideoetan edota produktua saltzeko maneretan.

Txikitako kalko paperek, sikiera, ikatzaren arrastoa uzten zuten. Egungo asepsian, hori ere ez.