Aurten dira 60 urte Ezkontza galdutako bertsoak argitaratu zela –bertso zaharrak gaika antolatuta Auspoak atera zuen lehen liburua–. Esnalen ustean, horregatik da aproposa ulertzeko Zavalak zenbaterainoko lana egin zuen liburuz liburu, bertsoen testuinguruak banan-banan berreskuratzen eta berreraikitzen. “Karlisten bigarren gerrateko bertsoak liburuan dioenez, azterketa-lanak uste baino lan handiagoa eskatzen zion: hasteko, egilearen izenik gabeko bertsopaperak, ahal izanez gero, identifikatu; bakoitza bere testuinguruan kokatu; eta, ondoren, sailkatu”. Azken batean, bildutako bertsoek euren kabuz ez zuten argitzen noizkoak ziren, ez nongo borrokaldiak kontatzen zituzten, ez izendatutako pertsonak nor ziren. Bertso sorta mordoa zeukan aurrean, eta hori guztia sailkatzeko historia liburuetara jotzen zuen maiz. Horrela topatzen zuen liburu bakoitzaren hitzaurrea idazteko beharrezko materiala.
Plazaratu zituen pilatutako bertso haiek guztiak pixkanaka, baina ez hasieran aurreikusi bezala. 1956ko irailean –Euskaltzaindiaren gerraosteko lehen batzar irekian– jakinarazi zuenez, bertsopaperen bilduma handi bat plazaratzeko asmotan zen, estudio bat lagun zuela. Esnali iruditzen zaio liburu lodikoteren batzuk izango zituela buruan. Aipatu zuenez, 50.000 bat bertso zeuzkan ordurako bilduta, eta laster eskuratuko zituen beste sail eder batzuk. Jesuitek, ordea, ez zuten bilduma hura argitaratzea beren gain hartu nahi izan. “Kukuak oker jo zion”, azaldu du Esnalek, “nahiz eta gaur egundik zuzen jo ziola esan daitekeen. Ironiaz esanda, jesuitek arrazoi, behin behar eta: nola aterako zuten, ba, halako bilduma gordin, lehor eta irentsi-ezina? Bere gain hartu behar izan zuen lan guztia: bere argitalpena sortu, Arantxa arreba baliatu… Eta gure ikuspegitik garrantzizkoagoa dena: liburu solteetan banatu behar izan zituen bertsopaper guztiak”. Horrela plazaratu zituen 80 obra, horietatik 58 bertsolariak eta horien biografia ardatz hartuta –guztira, biografia handi eta txiki, ehun biografia inguru osatzeraino–. Gainerako 22 obrak, aldiz, gaika antolatu zituen.
Ehun urte horietan –XIX. mendearen lehen herenetik 1936ra arte–zenbat bertsopaper argitaratu ote ziren galdetuta, zalantza egin du Esnalek: “Bost mila? Hamar mila? Gehiago? Ez dakigu. Asko eta asko betiko galduak dira. Baina mordoxka bat badugu salbatua; asko, Antonio Zavalari esker”. “Azken batean”, jarraitu du, “Zavala bertsopaper zaharren munduak liluratu zuen, bertsoak eta bertsolaritzak bainoago. Auspoaren bidez –bertsopaper zaharren eskutik–, mutil koxkorretako oroitzapenak eta bizipenak abiapuntutzat hartu eta urtetan atzera jo zuen, harik eta ehun urte luzeetako historia, giroa, ingurua eta mundua berreraiki arte”. Hain aritu zen bilketa lanean suharki, teorizatzeko astirik ez zuela esaten baitzuen behin eta berriro. Baina denbora izanez gero, nondik nora joko ote zukeen Zavalak? “Bere idatzietan, antropologia aipatzen du tarteka. Berak, bestalde, historialaria izan nahi zuen hasieran, eta bere lanetan argi ikusten da historialariaren eskua”.
Egun, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean 2.164 bertsopaper daude, eta horietako 1.638 dira Zavalaren funtsekoak. Artxiboetan begira ibiltzerik ez duenak hor dauka Auspoa literatur bilduma hirukoitza –Zavala hil zenean, 276 obraz osatua–: bertsopaper berriak sartu dira pixkanaka, eta gerora baita kontakizunak, eleberriak eta bestelakoak ere, baina guztiak ere bertsopaper zaharrak biltzen dituzten 80 obrek hauspotuta. Zein da ondare horren balioa? Esnalek garbi dauka: “Auspoa Euskal Herriaren –euskaraz bizi, euskaraz solas eta jolas, euskaraz kantatzen zuen herriaren– 100 urteko barne-historia da –intrahistoria, Unamunorentzat–. Edo, bestela esanda, Euskal Herriaren 100 urteko bizitzaren monumentu linguistiko-literario-historiko-antropologikoa”. Sarean dago edonoren eskura eta, besteren artean, ederki betetzen du hemeroteka funtzioa: toki paregabea da lardaskan aritzeko.