argia.eus
INPRIMATU
Antzinaroan ere Pirinioak ez ziren muga
  • Ibañetako lepoa, duela 2.000 urte inguru. Erromatarrek galtzada eraiki zuten, Pirinioak puntu horretatik igarotzeko. 2008an hasi zen Aranzadi Zientzia Elkartea antzinako iturriek aipatzen duten galtzadaren bila.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2022ko otsailaren 09a
Aranzadi Zientzia elkarteko kideek Ibañeta inguruetan aurkitutako erromatar miliarioa. (Argazkia: Calzadaromanadelpirineo.eus)
Aranzadi Zientzia elkarteko kideek Ibañeta inguruetan aurkitutako erromatar miliarioa. (Argazkia: Calzadaromanadelpirineo.eus)

Ibañetako pasabideak  garrantzia handia izan zuen Erdi Aroan, Donejakue bidea handik igarotzen zelako eta, besteak beste, Orreagako gatazka inguru haietan borrokatu zelako. Baina Antzinaroko hainbat egilek ere aipatzen dute galtzada hura (Ptolomeok, Antoninok eta Ravenako anonimoak), erromatarren garaian zeukan garrantziaren adierazle. Mendilerroa zeharkatzen zuten hiru pasabide zeuden orduan: ekialdean, Panissars; erdialdean, Somport; eta mendebaldean, Ibañeta. Cesaraugusta eta  Burdigala (Zaragoza eta Bordelera) lotzen zituen galtzada horrek, eta Pompaelotik (Iruñetik) pasatzen zen. Beraz, Ibañetako pasabidea ezinbestekoa zen fatxada atlantikoko erromatar hiriak lotzeko.

2008an hasi zen Aranzadi Zientzia Elkartea antzinako iturriek aipatzen duten galtzadaren bila. Prospekzio lanetan aritu ziren hasieran, hainbat garaietako arrastoak jomuga, baina nagusiki erromatar garaiko galtzadan espezializatu ziren. 2011n aurkitu zuten lehen arrastoa eta 2012an hasi ziren indusketa lanetan. Bildutako informazioarekin Pirinioetako Galtzada Erromatarra (calzadaromanadelpirineo.eus/eu/) webgunea osatu dute. Eta Zazpetik Aurizperrira doan 26 kilometroko bidea ere seinalatu dute txangoa egin nahi duenarentzat.

Ibilbide hori egiten duenak ez du harlauzaz egindako biderik topatuko. Hori da erromatarren galtzadez dugun irudia, baina Aranzadiren ikerlanak agerian utzi duenez, hirietako bideak harlauzaz estaliak egon ohi ziren arren, gehienetan tarteko bideak lurrezkoak ziren, mantentzeko errazagoak zirelako. Aldapa handirik ere ez du topatuko bisitariak; ibilbide osoan ez da %6ko desnibela gainditzen  Oihane Mendizabal Aranzadiko kidearen hitzetan, “garraio gehiena gurdien eta animalien bidez egin behar zenez, nahiago zuten ibilbidea luzatu, bidea xamurragoa izateko, sekulako aldapa igo baino”.

Gainera, mendilerroaren alde banatan, Donazaharren (Nafarroa Beherea) eta Artzin (Nafarroa Garaia), orografia malkartsua hasten den puntuetan, atseden lekuak izan daitezkeenak, “restop modukoak” aurkitu dituzte. Bi guneek ezaugarri oso antzekoak dituztela ondorioztatu dute ikerlariek. Eta, hala, horrek adierazten du erromatarren garaian ere Pirinioak lotune zirela, muga baino.