argia.eus
INPRIMATU
Ziztada
Amancay GaztaƱaga @lagatadepandora 2022ko otsailaren 01

Zizt! Hor dator berriz ere, bularraldean sentitu dut goizean goiz, arraroa da benetan ziztada hau.

Zizt! Jertsearen gainetik bihotzaldea igurtzi dut, emeki. Ea pasatzen den, esan dut baxu, inork ez entzuteko moduan. Gaur egun kontuz ibili behar da nork-zer entzungo duen kontrolatzen.

Zizt! Automasajea arnasarekin lagundu dut; hartu-bota… Ondo zaude?, galdetu dit batek autamasajearen erdian harrapatu nauenean. Zizt! Bai, erantzun diot. Ez erantzutea konplikatuegia iruditu zait.

Zizt! Zerbait kriptikoa idazten saiatu naiz irakurle. Zizt! Egia poesiaz maskaratu nahi izan dut. Azken aldian ematen ari den korronteari jarraitu eta mozorro festa honen partaide izan neu ere. Zizt!

Egia maskaratu, ezkutatu, poetizatu… Egia hau gordina egiten zait ordea, ze maskara jarri niezaioke? Zizt!

Zizt! Ezkutatu, badaezpada… Zizt!

"Nazka ematen dit pasaporte berde horrek, irakurle. Zikin sentitzen naiz, kulturgile bezala eskema guztiak apurtzen dizkit.  Sortzaile bezala dudan etika bortxatzen du QR horrek"

Maskaradak maite ditut irakurle, horretara dedikatzen naizela esan nezake, maskarekin gozatzera. Jakin badakit zein mota, kolore eta tamainakoak jantzi behar diren, baita noiz eta nola egin ere… Orduan zergatik utzi agerian nire burua? Zergatik ez jarraitu goxo, ezkutuan, gehiengoak ematen didan anonimatu horretan, ezer esan gabe, goxo, ezer esan gabe, ez ezer esan… Zizt!

Kontua da gogorra egiten zaidala eszenatokira igo eta ikusleei begietara begiratzea, irakurle. Pasaportea jarri dutenetik gertatzen zait, kontraesan handiz bizi dut eszenara igotzea.

Aste bukaera osoa eman dut Espainian musika taldearekin biran. Pasaporterik ez, jendea kultura kontsumitzeko gogoz eta egarriz. Eta nire herrian zergatik ez? Nazka eta zizt! Ze indartsua den kultura, irakurle…

Inoiz ez zait horrenbeste kostatu iritzi artikulu bat idaztea, trakets nabilenaren sentsazioa daukat; pentsamenduak lotzen, teklatuaren gainean dabiltzan hatzamarrei oztopoak jartzen…

Nazka ematen dit pasaporte berde horrek, irakurle. Zikin sentitzen naiz, kulturgile bezala eskema guztiak apurtzen dizkit. Sortzaile bezala dudan etika bortxatzen du QR horrek.

Biolentoa egiten zait batzuentzat bakarrik antzeztea. Biolentoa, hor behean daudenek agertzen duten pasibitatea pasaportea ez duen norbaiti sartzen uzten ez diotenean.

Nazka sentitzen dut eta ziztada, zizt!

Mugikorreko kode horrekin batera garai ilunak datozkit burura… galtzen gabiltzanaren kontzientziarik ba ote dugu?

Trakets nabil teklatuaren gainean gaur irakurle, bai, badakit pentsatzen dudan guztia idatziko banu agian ez nindukezula irakurriko. Eta hori ere ez al da beldurgarria? Zizt!