Sareetan irakurri dut unibertsitateko ikerlarien ebaluazioak eztabaida piztu duela Katalunian. Eztabaida txikia izan da, edonola ere, noizean behin han-hemenka pizten den horietakoa. Gai nabarmena iruditzen zait, izan ere, unibertsitatean lanpostu bat lortzeko, edo karrera akademikoa egiteko, funtsezko kontua da akreditazio agentziena. Labur esanda, unibertsitate publikoan lekua lortzeko (kontuan izan ikerketa batez ere unibertsitate publikoetan garatzen dela), irakasle-ikerlariaren curriculuma unibertsitateaz kanpoko agentzia batzuek ebaluatzen dute. Adi, kontua ez da lanpostu egonkor eta ondo ordaindu bat lortzeko gertatzen dela hori, baizik eta “prestakuntzako” profiletan ere beharrezkoa dela agentzia horien ebaluazioa. Karrera akademikoan aurrera egiteko ere, geroz eta beharrezkoa da hainbat ebaluazio gainditzea. Kontu konplexua da, eta baditu bere alde hobeak ere, nolabait ibilbide akademikoa argitzen eta objektibatzen den heinean.
Azken hamarkadetan, modernitatearen erakunde sendoak ahultzen ari diren honetan, hots, desarautzeak ezaugarritutako gure jendarte geroz eta neoliberalago hauetan, unibertsitateko adituaren funtzio soziala lehen baino gehiago jartzen ari da zalantzan. Hala ere, oraindik legitimitaterik badu figura horrek jendartearen aurrean Egiaz, Zientziaz edota Pentsamendu Kritikoaz aritzeko, besteak beste. Beraz, posizio sozial horietara nor eta nola iristen den kontuan hartzea ez da, inondik inora, korporatibismoari edo langile zehatz batzuen lan baldintzei lotutako kontu hutsa. Aitzitik, esangura sozial sakonagoa duen auzia dela esango nuke.
"Europako beste herrialdeekin alderatuta, zorionez, ikertzaileen ibilbidearen logika turbokapitalista horiek ez dira hain argiak gurean, esango nuke. Arlo batzuetan bederen. Baina joerak eta presioak horiek dira"
Kasu gehien-gehienetan ikertzailea irakaslea da aldi berean, ikerkuntzara soilik bideraturiko figurak gutxiengoa baitira, gizarte zientzietan eta humanitateetan batez ere. Bide horretan, bada, artikulu zientifikoen argitalpenak aintzat hartzen dira nagusiki; geroz eta gehiago enpresa erraldoi gutxi batzuen jabetza diren aldizkarietako artikuluak, edota enpresa horiek beraiek kudeatzen dituzten zerrendetan agertzen direnak. Negozio handia da, beraz, mota horretako aldizkarietan publikatzea batik bat diru publikoz hornitzen den ikerketa, askotan sarbide irekirik gabe. Egoera horren ifrentzua da, bestalde, eztabaida zientifiko oso bat garatzen dela kanal horietatik, eta ezinbestekoa dela berau kontuan hartzea.
Prozesu luze horrek guztiak, baina, egiturazko baldintzapen argiak dauzka, eta ezin ditugu horiek ahaztu, ustezko bikaintasunaren izenean. Europako beste herrialdeekin alderatuta, zorionez, ikertzaileen ibilbidearen logika turbokapitalista horiek ez dira hain argiak gurean, esango nuke. Arlo batzuetan bederen. Baina joerak eta presioak horiek dira.
Honaino iritsita, non gelditzen da euskarazko ikerketa? Zergatik argitaratu beharko lituzke Euskal Herriko ikertzaile batek bere lanak euskaraz (beste hizkuntza batzuetan kaleratzearekin batera, noski), ebaluazio prozesu horretan guztian gutxiago hartuko badira kontuan? Asmo politikoa eta militantea ezinbestekoak izango dira, ziurrenik. Baina, gainera, ikerkuntzaren merkantilizazioaren logika neoliberal horren guztiaren aurrean galga ere bada euskarazko ikerkuntzaren eremua indartzea. Bide horretan, ikerkuntza ebaluatzen duten erakundeak eta arauak Euskal Herrian bertan erabakitzea funtsezkoa iruditzen zait, ikerkuntzaren logika berri bat eraikitzearen norabidean. Horretarako ere burujabetza ezinbestekoa da.