argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Mina
Ula Iruretagoiena 2022ko otsailaren 03a

Bilboko Sabino Aranako aparkaleku-eraikina itxi egingo da zazpi solairuko hotel bat egiteko. Donostiako Mirakontxako Bista Eder eraikina luxuzko hotel bat izateko berreraiki da. Groseko Pio X parrokiaren ortu eremua berregingo da hotela, jatetxea, supermerkatu bat eta lau solairuko parking bat eraikitzeko. Ondarretako ehun urteko villa bat berreraikitzen ari dira hotel bat instalatzeko. Ategorrietako Sorkunde Maria komentua hotela, aparkalekua eta supermerkatu bat egiteko eraberrituko da. Itziarko Andre Mari etxea eraitsi eta hotel bat eraikiko dute.

Beste bat, beste behin.

Azken urteko albiste-segidak hiriaren norabide aldaketa bat kontatzen du. Hirietan hotel-inbestitze ereduaren zurrumurrua izurrite modura hedatu da merkatu higiezinean, hiriaren timoia noraezean dagoela probestuz eta hiria putre askoren jomuga bilakatu denean. Lokutorio kopurua mugatzeko araudi bat atera zen bezala, ez al da posible hotelekin berdina egitea?

Hiriaren paisaia betidanik aldatu da horrela, interes publikoaren eta etekin ekonomikoaren oreka zailean, bota eta berregin, eraikin batzuk joan eta beste batzuk etorri. Arkitektoentzako lana. Baina hiri askok pairatzen duten hotelen ordezkatze prozesuak nonbait ez du ilusiorik eragiten. Eraispen makinaren palak urteak dituen eraikin baten tripak husten dituen bitartean, hiria bera husten ari dela sentitzen dut. Eta sentsazioak ez du nostalgiarekin zerikusirik. Eraikin zaharraren ordezkatze arkitekturak ez du zertan arkitektura historikoa baino okerragoa izan, are historikoa ulertzeko aurrerapauso bat izan daiteke, zaharberritze operazioaren aukeran sinesten dut.

Baina beldur naiz, hiriaren harrapakaritzak arkitektura onerako lekurik ez duela. Asteburuko trolley-bisitariari berdin zaio paretek solidotasunik ez badute. Anfitrioia izan nahi duen hotel-eraikinak ez du hiria ezagutzen, ez du hiriarekiko begirune edo maitasunik. Hiria bilakatu den engainuaren aliatua da.