argia.eus
INPRIMATU
Lehendabiziko aldiez
Castillo Suárez @casti_suarez 2022ko otsailaren 01

Mendiko bota batzuk jantzi nituen lehendabiziko aldia lagun bati egindako omenaldi batera joateko izan zen. Herriko irrati librean irrati programa bat egiten genuen, eta ni literaturaz aritzen nintzen. Edo tokatzen zenaz. Hegazkin bat hartu nuen lehendabiziko aldia idazle koadrila batekin izan zen. Vigora joan ginen, eta handik Pontevedrara, eta harrezkero harro esan dezakek Igor Estankona nire laguna dela, baina beldur txiki batek hartzen nauela nire gauzak irakurtzen dituenean. Nire lehendabiziko ezezkoa Susakoek eman zidaten, eskura eman zidan Patxi Larrionek gutun bat, eta bota nuen arren, akordatzen naiz esaldietako bat zela arnas luzeko poemak nahiago zituztela, edo horrelako zerbait. Lehendabiziko aldia autoan galdu nintzela Durangon agertu nintzen, Aulestitik barrena, eta akordura etorri zitzaidan aitak Durangoko Azokara Urkiolatik barna eramaten gintuela, eta lasaitu nintzen orduan.  Lehendabiziko aldiz prentsan idatzi nuenean Leitzako udaletxean zegoen Jesusen Bihotzaz idatzi nuen, baina ohartu naiz orain ez dagoela, azalekoak diren beste gauza asko bezala, baina benetakoak lehendabiziko aldian bezala mantentzen ditudala: liburuekiko maitasuna eta lagunekiko miresmena.