argia.eus
INPRIMATU
Irudimenak irribarrea
Xabier Etxaniz Erle 2022ko otsailaren 03a
Berta berezi | Edu Zelaieta eta Txabi Arnal | Erein, 2021

Zelaietak eta Arnalek lau eskutara idatzitako hirugarren obra dugu hau, oker ez bagaude. Torlojuak izan zen lehena, Tatxani Handiaren azken trukoa etorri zen ondoren, eta orain Berta Berezi dakarkigute Gasteizko irakasleek.

Beren obretan umorea, hitz jokoak eta bizitasun handia erabili dute egileek, eta oraingo honetan ere gauza bera esan dezakegu; aldaketa, beharbada, oraingoan testua luzeagoa dela; ipuin bat beharrean neska berezi baten istorioak kontatzen baitizkigute.

Zazpi ataletan banaturiko lan honen hasieran Bertaren agerpena/aurkezpena kontatzen zaigu. Klaseko lehen egunean neska berri bat agertu da ikasgelan eta Bertak oso modu bitxian erantzungo dio irakasleak botatako erronkari: “Badakit agian zaila egingo zaizula orain, bat-batean, zeure burua aurkeztea ikaskideen aurrean, baina zerbait esan nahiko zenuke beste guztiok zu ezagutzen hasteko-edo?”. Jaio aurretik, amaren sabeletik medikuarekin komunikatu zela azaldu eta, ondorioz, “NASAko astronautek erabaki zuten Berta izena jartzea haien kaskoetan espaziora atera baino lehen. Berta, B handiarekin”.

Edozein irakurlek ikus dezakeen moduan Bertari ez zaio irudimenik falta, ezta bururatzen zaizkion istorioak botatzeko ausardia ere. Eta, hain zuzen, ezaugarri horiek dira Berta hain neska aparta, espeziala, ezberdina eta Berezia (B handiarekin) egiten dutenak; irakurleari bere ateraldiekin irribarrea sorrarazten dion neska.

Aurkezpenaz gain beste sei atal dauzka liburuak, eta bakoitzak Berta eta bere lagunen istorio bat kontatzen du: perretxikoetara joan zirenekoa, petardoa eztandarazi zuten egunekoa edo igerilekuko salto lehiaketakoa; baina horien ondoan badira gertakari lasaiagoak ere, musua emateko teknika azaltzen duena edo, bereziki hunkigarria gerta daitekeen “Jonen amonarena” izenekoa.

Liburua azkar irakurtzen da eta atalez atal irakur daiteke pertsonaiak berberak izan arren gertakariek ez baitute zerikusirik, ez bada poliki-poliki Berta gero eta hobeto ezagutzen joango garela, eta irakurleak gozatu egingo du neska-mutil kuadrilla honen istorioekin: eta horixe da, hain zuzen, amaieran, niri behintzat, liburuak utzi didan sentsazioa, ez duela amaierarik. Hots, azken gertakariaren ondoren hurrengoen zain geratzen garela. Agian egileen lau eskuak lanean ari dira dagoeneko Berta Berezi eta bere lagunen istorio berriak prestatzen…