argia.eus
INPRIMATU
Fernando Mendiola (NUP)
“RENFE izan da autohistoria kritikoa egin duen enpresa handi bakarra”
Ander Leon 2022ko otsailaren 02a
Fernando Mendiola Nafarroako Parlamentuan errepresaliatuei buruz egindako agerraldi batean. (Argazkia: Foku / Iñigo Uriz)

Nondik abiatu zen proiektu hau?

Edurne Beamountekin batera Piriniotako Langile Batailoien ikerketa burutu genuen. Arlo ekonomikoan sakontzen jarraituta, burdinbideen inguruan materiala egon zitekeela ikusi nuen. Aldi berean, Juan Carlos García-Funesek lan penitentziarioaren inguruko doktoretza tesia bukatu zuen. Burdinbideen Artxibo Historikoarekin harremana izan genuen eta bertatik heldu zitzaigun proiektuan parte hartzeko eskaera.

Zertan datza?

RENFEk bere langileek jasan zuten errepresioaren inguruko ikerketa abiarazi nahi izan zuen, eta behin informazioa lortuta, datuak jakinarazteko webgunea sortu. Bere langileen kontrako errepresioa eta fusilatzeak interesatzen zitzaizkien gehienbat. Gurea zeharkako atala da, langile batailoiko kideak ez baitziren trenbideetako beharginak gerra baino lehen. Hala ere, lortu dute esklaboek egitasmo handi horretan euren toki edukitzea.

Horrelako egitasmoak ez dira ohikoak...

Egia esan, ez. Askotan erakundeak eta beraien politikak kritikatzen ditugu, eta hori egiten jarraitu behar dugu, baina RENFE izan da autohistoria kritikoa egin duen enpresa handi bakarra. Iritzi aldaketaren adibidea jarriko dizuet: 2008an Altsasuko Udalak burdinbideetako obretan bortxaz aritutako langileen omenez eskultura jarri nahi izan zuen herriko tren geltokian. ADIFek baimena ukatu zien eta horregatik oroigarri hori hirigunearen erdian kokatu zuten, udaletxearen aurrean. Lehen baimena ukatzen zuenak orain oroimena sustatzen du.

Aldaketa handia, beraz.

Bai, gainera webgunearen aurkezpen ekitaldian, garaiko Sustapen Ministroak, Jose Luis Abalosek, damu deklarazioak egin zituen: “Adiskidetzea atzera ez begiratzea zela uste genuen. Oker ginen”. Lehenengo aldiz, PSOEko goi kargu batek, publikoki aitortu zuen trantsizioaren memoria politika akatsa izan zela.

Lanean segitzen duzue zuen ikerketekin?

Beste gai batzuk ikertzen gabiltza eta zeharka burdinbidearena ere azaltzen da. Nafarroako Erriberan milaka bortxazko langile ibili ziren eta dokumentazio hori ez dugu topatu. Ate batzuk jotzeko ditugu oraindik, agian egunen batean sorpresaren bat egongo da.