Cotswold-Severn eskualdea (egungo Ingalaterra), duela 5.700 urte. Hazleton Northeko tumulu luzean 35 gizabanako ehortzi zituzten, eta horietatik 27 familia berekoak zirela ondorioztatu dute, arrastoen DNA aztertuta. Familia hura Neolitoko Iraultza Britainia Handira iritsi eta handik gutxira sortu zen, hau da, uharteetara nekazaritza, abeltzaintza eta, beraz, bizimodu sedentarioa iritsi eta mende ingurura.
Hazleton North aztarnategia labore lurretan dagoenez, nekazal jarduna arrastoak suntsitzen ari zen eta, horregatik, 1979-1980 urteetako indusketa kanpainetan arkeologoek hezur guztiak jaso, dokumentatu eta gorde zituzten, aurrerago ikertu zitzaten. 40 urte geroago, Newcastleko Unibertsitateko Chris Fowler buru duen ikerlari taldeak heldu dio lan horri.
Harvardeko unibertsitateko kideek arrastoak prozesatu eta hezurren hautsetatik sekuentzia genetikoak lortu zituzten. Sekuentzia horiek banan-banan aztertu eta senidetasuna zehaztea EHUko Iñigo Olalde genetistaren lana izan da. Hala, bost belaunaldiko zuhaitza osatu dute, inoizko zuhaitz genealogiko zaharrena. Zuhaitzaren buruan gizon bat dago; lau emakumerekin izan zituen seme-alabak; horiek ere seme-alabak izan zituzten… eta, horrela, bost belaunaldiak osatu arte.
Zuhaitza osatuta, Olalde eta gainerako taldekideek berau interpretatzeari ekin zioten. eta ondorio garbi bat atera zuten: lotura patrilinealaren edo aitaren ildoaren garrantzia. Aztertutako 35 indibiduoetatik 26 gizonezkoak dira eta guztiak jatorrizko gizonaren semeak, ilobak, bilobak, birbilobak… “Oso baldintza zorrotza zen”, Olalderen hitzetan.
Baina horrek ez du esan nahi emakumezkoek garrantzirik ez zutenik. Alaba heldurik ez dago tumuluan ehortzita, ugalketa adinera iristean, beste komunitate batzuetara bidaltzen baitzituzten han ugaltzera. Emakumeen exogamia deritzo horri eta, orain arte horren susmoak bazeuden ere, Hazleton Northekoa da “lehen froga zuzena”. Horrek endogamiaren ondorio kaltegarriak saihestea eragiten zuen. Gainera, komunitate berri horietara iritsitako emakumeak ere kontuan hartzen ziren ehorzketetan. Zuhaitzaren jatorrizko lau emakume eta haien ondorengoak haiekiko senidetasunaren arabera ehortzi zituzten. ”Emakumeak garrantzitsuak ziren komunitate horien memorian”.
Iñigo Olalderen ustez zuhaitz genealogiko zaharragoak laster azaldu daitezke, antzeko ikerlan gehiago egiten ari baitira. Marka hausteaz gain, iraganeko fenomeno eta joera sozialak interpretatzeko material gehiago ekarriko du horrek.