Askok aipatzen du Chill Mafia taldea; antza, Euskal Herriko musika eszenara dagoeneko heldu den aldaketa irudikatzen du, nagusiagoak azkenean alboratu dituen gazteen lur hartzea eta patroi guztien apurtzea. Oraindik ez dut Iruñeko taldea entzun, baina pandemia irauten ari den tarte luze honetan ezaugarri horiek guztiak ezin hobeto ordezkatzen dituen eta liluratu nauen taldea Dupla da.
Maskaradun lehen udan deskubritu nuen Aguraingo bikotea, leku hotz bezain erraldoian (nahiz eta urbanoa zen, eta hori bazuen haien alde!). Ia guztia zuten kontra, baina itzelezko jarrera eta freskotasuna erakutsi zuten. Gerora ikusi izan ditut leku txikiago baina oso hotz batean, jende oso gutxirekin, eta han ere jan egin zuten agertokia.
Bi tipo gazte soilik, bateriarekin, gitarrarekin eta aurretik grabatutakoekin: euskara eta gaztelania, sentsualitatea eta kaleko baldarkeria, reggaetonaren alboan rockari lekua eginez, nahieran eta gustura autotuneatzen, dantzan, saltoka, perreatzen eta sudur puntan jartzen zaiena egiten dutela lotsagabeki erakusten. Gainera, aurreko belaunaldietakooi begiak zabaldu eta datozenei nondik gatozen erakutsiz zubi-lan ederra egiten ari dira.
Lehen lan laburra QRdun txupatxusetan plazaratu zuten eta lan luze hau CD estandarrean. Emaitza oso mimatua da: Kontraesanak pop autotuneatu gisa sortzen da eta funky-disco-rockero dantza daiteke. Dantza gaua Monsieur Le Crepe-k aberastutako reggaeton-raggamuffina da. Erromeria Tapia eta Leturia zein trikitixa berpizten dituen ariketa. 01200 haien jaioterriko rockero zaharrei (Kaotiko, Txiki, Evaristo) hartutako posturatik egina da eta Anthrax eta Public Enemyk erdietsi zuten huraren parekoa da emaitza. Un mal día autotuneatutako rock makarra. Konforme, Sara Zozaya handiaren laguntzarekin, eta Zugandik ihesi, Pello Skakeitan lagun, baladak. Tururú Los Rodriguez 4.0 gisara entzuten da. Somos así eta Mundua galdu Dupla-ren marka duten pieza jostari, erritmiko eta rapeatu-xuxurlatuak dira. Azkenik, Txiki –Xsakara-ren laguntzaz-, Madonnak oraindik ezagutu ez duen drum&bass tribala eta Animali Panxo Zoo-k borobildutako pieza latinoa ditugu.