argia.eus
INPRIMATU
Militantzia
Laura Mintegi @lauramintegi 2022ko urtarrilaren 27a

“Militantzia” hitzaren jatorria bortizkeriarekin eta gatazkarekin lotuta dago, militanteak militarrak zirelako, edo milizietako kideak. Militantea, baina, ideia batzuekin bat egin duena ere bada, eta ideia haien defentsan elkartasun hutsez aritzen dena.

Militantzia pil-pilean egon zen XX. mende osoan, ezkerrak burutu zituen iraultzen edo gizarte mugimenduen harira.

"Ogibide bihurtu zen eta, egonkortze ekonomikoarekin batera, jarrera militanterik ez zuten pertsona asko militantziaren profesionalak bihurtu ziren"

Gerora militantzia “profesionalizatu” egin zen. Ogibide bihurtu zen eta, egonkortze ekonomikoarekin batera, jarrera militanterik ez zuten pertsona asko militantziaren profesionalak bihurtu ziren. Akabo.

Egiazko militanteak txalotu nahi ditut, eskuzabal eta ezer espero gabe jarduten dutenak, denbora eta indarra musu-truk ematen dutenak, injustizia salatzearren: etorkinei babesa eta ahotsa ematen diete, babesgabeen kaleratzeak saihesten dituzte, errefuxiatuentzat janaria prestatzen dute, edo hizkuntzaren eta kulturaren alde egundoko lana egiten dute maitasun hutsagatik.

Militanteentzat txaloa. Egia da beraiek egiten dutena erakundeek egin beharreko lana dela, baina militanteek egin ezean, erakundeek ez zuten ikusi ere egingo lan hori beraiei dagokienik.