Leire Vargas (Durango, 2002) idazlearen hitzen oihartzunaren heldu zitzaigun lehendik, batez ere sare sozialetatik eta Raymond Carverren Bizikletak, giharrak, zigarretak eta Sally Rooneyren Soldata jauna ipuinen itzultzaile gisa. 2021eko Irun Hiriko Kutxa Literatur Sari entzutetsua irabazi zuen Dena ametsa den irudipena poema-liburuarekin, eta abenduan plazaratu zuen Elkar argitaletxeak.
Zuloak, Ateak eta Zubiak, hiru ataletan banatuta daude liburuko poemak, eta soila eta zuria dirudi guztiak, baina poemetan bezala, bikoiztasuna eta sakontasuna nabari zaio azaleko soiltasunari. Udane Ansak egindako azaleko ilustrazioko marrubia esku batek heltzen duen bihotza da, eta izenburuak ere eman dezake aditzera gauzak ez direla diruditen bezain soil, zentzu batean zein bestean, onarpena ote den ala sinesgogortasuna, dena ametsa denaren irudipenak dakarrena.
Artifizio gutxiko poemak dira, baina ez horregatik sinpleak; hitz zehatzaren eta batzuetan ezustean harrapatzen duen ideiaren logikari jarraitzen dio liburuak. Pena da, batzuetan, kalko okerren bat edo besterekin topo egitea.
Etereoa da liburuaren atmosfera, ez dago ia izen propiorik, aipuen egileenak baizik ez dira salbatzen, baina agertzen diren kezkak zehatzak dira: “Itxaropena dugu iparrorratz, / eta zer litzateke mazoa / harrobi barik? / Ukan behar ditugu nonbait, desiraz gain, / itxaropena, esperantza, sinesmena... / Nola bestela / segi aurrera? // Baina, bilatzen eta arakatzen hasita, / zera aurkitu dut, agian, / horrek behar lukeen tokian... / Inertzia”.
Ametsaren lausotasunaren eta segurtasunaren eta kontzientziaren zehaztasunaren eta gogortasunaren artean mugitzen dira poemak. Egiten denaren eta desiratzen denaren arteko aldea eta horrek sortzen duen tentsioa, harremanak eta galderak dira nagusi liburuan, galderak norbere buruari eta hurkoari.
Badaude behin eta berriz irakurri eta harrituta utzi nauten poemak, haien esanahiaren peskizan oraindik, nire baitan haientzako esanahi baten bila; badaude gehiagorako gosez uzten duten poemak, betetzen dutenak, baina, batez ere, idaztearen ariketak dituen aukeretan arakatzeko gogoa eta pasioa ageri da lerroetan eta haien artean.