Talde baten funtzionamendua erregulatzeko arau multzo gisa definitu daiteke sistema hitza. Badaude gure bizitzetako hainbat aspektu kontrolatzeko hainbat sistema, eta guztiek dute faktore bat komunean: egonkortasuna. Sexu eta genero sistemak identitate egonkorrak eta koherenteak sortzea ditu helburu, mendebaldeko kulturen eta kolonizazioaren eraginez matrize heterosexualean materializatu dena. Horren arabera sortuko dira bikote heterosexuala eratuko duten emakume femeninoa eta gizon maskulinoa, produkzio katearen etorkizuneko esku lana ziurtatu eta anormaltasunaren eta patologien definizioa zehaztuko dituztenak.
Identitateen espektroan LGTB errealitate batzuk onartu badira ere, egonkortasun eta koherentzia minimoa eskatzen zaie haien existentziak gutxieneko errekonozimendua izan dezan. Hortaz, LGTB siglek ez dute zertan sexu eta genero askatasunaren sinonimo izan; murritzaileak eta baztertzaileak izan daitezke sistema kapitalista eta heterosexuala den heinean. Ondorioz, xedea ez da bazterretan dauden gorputzak inon integratzea, sistemak iraun bitartean bazterketa halabeharrez emango da sistema bera delako bazterketaren eragile.