Seme-alaben logela oso bat dut plastikozko jostailuz beterik eta ez dakit zer egin, kontatu dit lagun batek. Zenbat diru eta zenbat plastiko zabor pilaturik; hau guztia beharrezkoa al zen?, gaineratuz. Gabonetako gehiegikeriak ekartzen duen gogoeta. Jostailu-oparien aukeraketa ez da edozein erabaki, balore, identitate eraikuntza eta heziketarako gailu boteretsuak baitira –arrisku eta aukera, aldi berean–.
Zeinen garrantzitsuak diren irabazi-galdu jolas-lehiaketaren ondoan, norberaren irabaztearekin batera taldeak irabazten duela jolas-araua txertatzen duten jostailuak. Zenbat ikuspegi eraldatzeko balioko lukeen lehiakortasun indibidualaren kontrako arau honek, interdependentziarako eta elkarbizitzaren ulermenerako gako baita.
Taldekidetasuna lantzeko leku izateaz gain, genero-rol ikerketa askoren hizpide izan dira jostailuak, eta lotura zuzena egiten da generoaren eta profesio-rolen artean. Eraikuntzara eta arkitekturara bideraturikoak, rol maskulinoarekin lotu ohi dira (!), profesioaren gaineko aurreiritziei segida emanez. Edozein jostailu-dendak antzezten ditu genero rol kategoria hauek, XXI. mendean oraindik ere.
Arkitekto batek, sentsibilitate material eta estetikoaren heziketa espezifikoagatik, jostailuen aukeraketan begirada propio bat gaineratu dezake. Egurrez eta piezez osaturiko jostailuak izango ditu gogokoen, eta kolore primarioetatik aldendu edo kolore gama aberatsa eskaintzen duenetara joko du. Pieza geometrikoek zeregin abstraktua eskaintzen diote jostailuari: jolas-araua librea da eta haurrak zehaztuko du –lehiakortasun maila txikituz–, kolore gama zabalak genero atxikipena alboratzen du, irudimena bultzatzen du piezekin gauza asko egin daitezkeelako eta adin tarte zabalerako erakargarria da. Jostailu didaktikoen atalean aurkitzen dira.
Jostailu didaktikoa, baina, ez da iragarkietan agertuko, eta denok dakigu haurraren jostailu aukeraketan zenbateko indarra duen lagunek baloratu dezaketena izatea. Auzia ez da erraza kudeatzen.