argia.eus
INPRIMATU
Gauza txikiak
Mati Iturralde 2022ko urtarrilaren 19a

Urtea neure buruarekin konpromiso batekin hasten dut, ARGIAn idaztea. Amaitu gabeko euskalduntze-prozesuari ekiten nionean Zeruko Argia aldizkari sakratu moduko bat zen, non Euskal Herriko pentsamendu libre eta konprometitu gehiena idazten zen… eta orain ni eremu honetan bertan pentsatzen eta idazten saiatuko naiz…

Eta zeri idatzi hainbeste gauzaren hasiera berri honetan? Birusaren ingurukoei? Edo hobe al da beste leku batera begiratzea… Laino pandemikoa desagertzen hasi den honetan, nola ikusten da herri txiki honen errealitatea? Errealitate hau ni baino askoz azkarrago eraldatzen da eta batzuetan, ez galtzeko, distantzia hartuz begiratu behar izaten dut.

Nire gizarteaz, nire lanbideaz, euskal politikaz, oraingo herritarrok defendatzen ditugun balioez oso gutxi dakidala nabarmendu dut. Ez dakit ia ezer planetan gertatzen ari diren aldaketei buruz, ezta aldaketa horiek zuzentzen dituztenei buruz ere.

Informazio anitza bilatu arren, ez dut erantzun lasaigarririk aurkitzen, ezta kezkagarririk ere.

Soilik sumatzen dut gizateriaren aurrean aro berri bat irekitzen ari dela, eta nekez antzematen dudala non bukatuko den aldaketaren parabola handi honen ibilbidea.

Beraz, ziurgabetasun global honetan murgilduta, nire erabakiak hartzen ahalegindu naiz eta, erabakiz erabaki, askotan erreparatu behar dut gizaki guztiak berdinak direla, eta eskubide berberen subjektu. Era berean, neure buruari gogorazi behar diot, nire pentsamoldean agertu nahi duen polizia kate motzean lotu behar dudala… Eta nahaste orokor horren erdian, hobe nire inguruko gauza txikiak eraldatzen eta zaintzen saiatzea.

Nire belaunaldia gehiegitan galdu da mundua eraldatzeko definiziotan eta, aldi berean, gutxitan eraman ditugu horiek praktikara. Agian hurrengoek errealitatea beste begirada batzuetatik ikusi eta beldurra kenduko diote hainbestetan menderatu gaituen ideien kaosari.

Egun hauetan nire etxean ume txikiak daude. Haien artean hizkuntza komun bakarra euskara dute, baina beste hiru hizkuntza menperatzen dituzte, hau da, mundua ulertzeko beste hiru modu. Honek nolabait desaktibatu egiten dit beren etorkizunari buruzko kezka, haiei egokituko baitzaie gizatasun konplexu honetan bizitzea eta tresna ugari izango dituzte mundua eraldatzeko.

Eta nik amona bezala, kemen bat transmititu nahi nieke. Inguruko izakiak zaintzeko kemena, gauza txikiak zaintzekoa… Azken finean nik zaintza horretan nire bizitzaren zentzua behintzat aurkitu dudalako.