Lasterketaren bat egin duen edonork badaki: ez dago azkarregi hastea baino akats larriagorik. Hanka sartzea egiten duen lasterkariak larrutik ordainduko du. Helmugaraino heltzekotan, nekez ahantziko du sufrikarioa. Hurrengorik bada, lasai, ongi neurtuko baititu indarrak, gogoak eskatzen duen baino lasaiago abiatuta. Nik esperientziak erakutsia dakit hori.
Azken bolada honetan, askotan gogoratu dut irudia. Laster bi urte beteko dira pandemiaren maratoia hasi zenetik. Gehienok gogotsuegi hasi ginen, hura pare bat hilabeteko kontua zelakoan. Etengabeko goitibeheran ibili ondotik, seigarren olatuak itota utzi gaitu, etsiturik. Urte berrian, zurrunbilo berean. Eta batere ideiarik gabe ataka honetatik noiz, nola eta nora aterako garen. Helmuga ikustean, behin eta berriro atzeratzen dioten lasterkari akituaren antzera gabiltza: lur jota.
"Gure Tunela da krisiaren irudi erabiliena. Esan beharrik ez dago: tunel guztiek sarbide eta aterabide diferenteak dituzte"
Baikorrenek diotenez, helmugaz beste aldean mundu hobea izanen dugu. Nik ere hori sinetsi nahi nuke, aurrekariek esperantzarako zirrikitu handirik uzten ez badute ere. Gogoratu: 2008ko krisi-lapurretatik ahulak ahulago atera ziren; aberatsak, aberatsago; eta demokrazia kaltetua, ukitua eta ahuldua. Oraingoan ezetz esan digute, elkartasunean oinarrituriko soluzioa izanen dela. Hala bedi. “Portatu zaitez fededun bezala eta fedea emanen zaizu” zioen Xabier Letek, erlijioaz ari zela. Ekonomia iragarpen baikor hori sinesteko ere, fedea dugu berme bakarra. Momentuz, aditu guztiak bat datoz: oraingo krisian ere gizarte arrakala handitu besterik ez da egin.
Tunela da krisiaren irudi erabiliena. Esan beharrik ez dago: tunel guztiek sarbide eta aterabide diferenteak dituzte. Begi bistakoa izanagatik ere, barneratu gabeko kontua dugu. 2020ko martxora bueltatzea dugu amets. Gure hiriko alkatea, esaterako, betiko Sanferminak bizitzearekin temoso dabil, bi kontzeptuak ezkontzea posible dela sinetsaraziz. Auto-saltzaileak ere matraka ematen ari dira, pandemia aitzineko salmenta maila berreskuratu behar dela azpimarratuz. Eta bidaia-agentziek ere Aste Santuan dute jarria esperantza, ordurako milaka hegazkin munduko bazter batetik bestera mugitzen hasiko direlakoan.
Javier Vitoria teologoak ederki azaldu zuen lehengo egunean Iruñean, Gogoa Foroak gonbidaturik eman zuen hitzaldian: “Normaltasuna zen arazoa. Jasaten ari garen krisiari garrantzirik kendu gabe, argi esan dezagun: ez dugu bidegabekerian oinarrituriko normaltasunera bueltatu nahi”.