argia.eus
INPRIMATU
Errebolberren zehaztasuna duten grapagailuak
  • Eibarko Orbea enpresako bi armaginek El Casco errebolber enpresa sortu zuten1920an, baina 1929ko krisiak eraginda ekoizpena egokitzea erabaki zuten: lehengai, makina eta langile espezializatu berberak erabiliz, bulegoko materiala egingo zuten handik aurrera.Onddo itxurako grapagailua izan zen beraien asmakizun nagusiena.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2022ko urtarrilaren 12a
Eibarko bi armaginek M-5 grapagailua sortu zuten 1932an. 90 urte geroago, modeloa oraindik ekoiztu eta mundu guztian saltzen da.
Eibarko bi armaginek M-5 grapagailua sortu zuten 1932an. 90 urte geroago, modeloa oraindik ekoiztu eta mundu guztian saltzen da.

Eibar, 1920. Suzko armak egiten zituen Orbea enpresako bi langilek, Juan Solozabal eta Juan Olavek, El Casco enpresa sortu zuten. Orbean ikasitakoa baliatuz, kalitate handiko errebolberrak ekoiztea zen hain asmoa, eta horixe egin zuten bederatzi urtez. Baina 1929ko krisiak eragina izan zuen errebolberren merkatuan ere, eta bi armaginek ekoizpena egokitzea erabaki zuten. Lehengai, makina eta langile espezializatu berberak erabiliz, bulegoko materiala egingo zuten handik aurrera.

Onddo itxurako grapagailua diseinatu zuten  eta “cosepapeles” edo “paper-joskailu” esan zioten. Eta hasieratik garbi adierazi zuten armagintzarekin zuten lotura: “Bala bat errebolber baten  kanoian ibiltzen den zehaztasun berarekin ibili behar du grapa batek grapagailuan”. Lehenago ere baziren grapagailuak merkatuan, esaterako, C. H. Gould-ek 1879an patentatutako kilotik gorako tramankulu astuna. Beraz, ezin da esan Olave eta Solozabalek grapagailua asmatu zutenik; bai, ordea, eskuzko grapagailu arinak ekoizten eta hedatzen lehenak izan zirela.

Paper-zulagailuak, txorroskiloak edo gutun-pisuak ere ekoitzi zituzten, baina grapagailua izango zen enpresaren produktu izarra, bereziki 1932an M-5 modelo ezaguna egin zutenetik. Gaur egun, Elgetako fabrikan El Cascok oraindik M-5a ekoizten du eta mundu osoan saltzen da. Gainera, 90 urteko modeloa New Yorkeko MoMa museoan dago ikusgai, artelana bailitzan.

El Cascoren historiak adierazten du eguneroko objektuak arte bihurtu daitezkeela. Baina hori baino lehen, adierazten du eguneroko objektu askok industria militarrean dutela jatorria, behar militarrei lehentasuna ematen zaiela gizarte zibilaren beharren aurretik, gero horiei erantzuteko balio duten arren. Eibarren asmatutako grapagailuez gain, jatorri militarreko beste asmakizun asko izan dira gure bizimodua aldatu dutenak: zinta itsasgarria, janari ontziratua, mikrouhin labea, kontaktuzko kola, konpresa menstrualak, radar meteorologikoak, internet, kautxu sintetikozko pneumatikoak...