argia.eus
INPRIMATU
(Go)gora
Itxaro Borda 2021eko abenduaren 24a

Urte hau bukatu da. Min egiten duten arren, egunak pasatzen dira eta Bruce Sprinsgteenek kantatzen duen bezala, Reason to Believe bat aurkitzen dugu goiz oroz. Koronabirusaren hainbat aldaerek setiaturik iragan ditugu hilabeteak, errealitateari buru eginez, beldurrak somatizatuz, estatuen larderia sanitarioari gure neurriko biopolitika intimoak parean jartzen saiatuz... 2022an halaber, ihardukitzeko eta bizitzeko arrazoi bila altxatu beharko dugu. Entzuten denaren arabera bederen...

Prezioen mailan, halako zartatze bat ezagutuko dugu urtarriletik aitzina. Ez dakigu gehiago, guzti hori ordaintzera helduko garen ala ez, soldatak eta erretreta hain txikiak izanik (gehiengoaz mintzo naiz). Adibidez, premiazkoak diren erregaiak eta elektrika larriki goratuko dira... eta idazleontzat kezkagarriagoa dena, paperaren eta tintaren prezioak ere bai. Gabetuenganako gorroto sozialaren abiadura berean ote?

Sutze horren zergatiak argiak omen dira: lehengaien eskasia, munduaren beste puntatik hona garraiatzeko gastuak, eta sekula aipatzen ez den enpresa multinazionaletako akziodunen diru falanga.