argia.eus
INPRIMATU
Gobernatu gabeko pornografia
BeƱat Muguruza Aseginolaza @Benatmug 2021eko abenduaren 15

Batzuk trufatzen dira gobernuz kanpoko erakundeei (GKE) dirua ematen dion jendeaz. Bestalde, ez da dotorea lau haizeetara zabaltzea ongintzara-edo bideratzen duzula zure soldataren parte txiki bat, eta beraz ez da defendatzen posizio erraza. Tira, animatuko naiz: sinesten dut, inuzentea ni, zerbaiterako balio duela keinuak. Kontua da duela urte pare bat utzi nuela GKE bat, eta berriz deitu didatela aste honetan, orduan emandako laguntzagatik eskerrak emateko, eta mesedez nire laguntza behar dutela berriz.

Konbentzituta nengoen tolesgabe agertuko nintzela langile haren aurrean, baina Afrikako ez dakit zein herrialdetako egoerari buruz hitz egiten hasi zaidanean, bihotza samurtu zitzaidan, eta amore eman nuen ia. Pentsatzen nuen informazioa bere horretan helaraztea ez zela ni mugiarazteko gai izango, jakin nahi duenak hor daukalako, eskuragarri, nonahi… Baina bai, ia eman nuen urratsa.

"Agian sortuko litzateke mugimendu abolizionista bat, eta beste batzuek pornografia erregulatzearen alde egingo lukete –langileen baldintza duinak bermatuz–, eta, konturatzerako, elkarren etsai"

Aste batzuk lehenago gertatutakoarekin lotu nuen pentsamendu hura. Hizkuntza-akademian egokitu zitzaidan pornografiari buruz hitz egitea. Alarmista –ia apokaliptiko– atera zitzaidan ahozko ariketa, aitortzen dut, baina Save the Children-ek  (ez, ez zen hori nire GKEa) iaz kaleratu txostenak pixka bat kolpatu ninduen. 40 eta piko urteko emakumezko ikaskide batek kontra egin zidan, eta nik onartu, kiroltasunez. Erabilitako argudioak harritu ninduen, ordea: sexua oraindik tabua den gizarte honetan zeinen erraz kritikatzen dugun pornografia, baina aizu, sexu-heziketa garrantzitsua dela gaztetxoentzat. Alegia, iruditu zitzaidan karkatzat hartu ninduela, besterik gabe. Segur aski ez zebilen erabat oker. Baina neure baitan pentsatu nuen, eta agian ni banago oker, fede oneko emakume hura ez zela bereziki jakitun pornografia mainstream-a zertan datzan gaur egun. Mainstream-a, esan nahi baita, gizonezko heterooi zuzenduta dagoena.

Beraz, dela batzuk erdi disimuluan gabiltzalako, dela beste batzuk ez direlako enteratzen, pornografiak segitzen du gazteen sexu-heziketarako eragile nagusi izaten, eta… Barka, hasi behar nuen berriz nire matraka katastrofistarekin.

Zeren noski, jakingo balitz, nik zer dakit, agian sortuko litzateke mugimendu abolizionista bat, eta beste batzuek pornografia erregulatzearen alde egingo lukete –langileen baldintza duinak bermatuz–, eta, konturatzerako, elkarren etsai nagusi bilakatuko lirateke. Eta señoro, aliatu eta enparauok beste behin eztabaidaren lekuko pribilegiatu, krispetak besterik falta ez zaizkigula.