argia.eus
INPRIMATU
Olatu guztien azpitik, sormen askearen gainetik
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko abenduaren 09a
Ezin ezer espero | Huntza | Mauka.

Ospea kudeatzea ez da inorentzat erraza, are gutxiago gazte-gaztea izanda eta lehen diskoarekin gertatuz gero. Horixe bizi izan zuten oso modu natural eta espontaneoan unibertsitatean topo egin eta ondo pasatzeko asmoz kantuak idazten hasitako Huntza talde sortu berriko partaideek. Bat-batean lehen diskoko Aldapan gora kantuaren bideoak milioitik gora bisita jaso zituen eta inork aurreikusi ez zuen zurrunbilo erraldoian murgildu zituen.

Eutsi zioten olatuari, egin zituzten ehunka kontzertu eta elkarrizketa. Eta ia jarraian bigarren diskoa kaleratu zuten; hura ere jai-girokoa, freskoa eta bizitzeko gogoz zipriztindutakoa. Ikasketak eta musika, ospea eta egunerokoa, askotan oso zaila den oreka lortu zuten hankak –aldapan– lurrean izan dituztelako beti.

Horren ostean heldu zen pandemia eta konfinamendua, eta baliatu dute jaisteko erritmoa, presioa alboratzeko, hausnarketa egiteko, arnasa hartzeko neurri batean, eta hirugarren diskoa –Ezin ezer espero– patxadaz pentsatzeko eta sortzeko. Beti joan izan dira korrontearen kontra, taupada propioak jarraituz, eta oraingoan ere hala egin dute jendeak espero duenari erreparatu beharrean barrura begiratuta.

Eta barruak eskatu diena sorpresa da hein handi batean: esaterako, diskoaren lehen kantua, Odoletan, rockeroa da, bestelako erritmo eta gorputza dauka, nahiz eta trikitia eta melodia dituen lagun. 17:21 detailez jositako pop-a da, parte hartzen duen Julieta Venegas handiarentzat propio egina dirudien lo-kanta ederra. Izan nahi dut-ek, aldiz, Huntza-ren ohiko marka dauka zizelkatuta: trikitiak gidatutako pop-rock bizi eta alaia, nahiz eta badituen ñabardura berriak. Haizeak-ek, adibidez, erraztasunez lehiatu dezake folk epikoa egiten duten  talde nabarmenekin. Doctor Prats-eko lagunek parte hartu dute abestian. Poema nekatu bat xuxurlari jaiotzen da, baina ia orkestral bilakatzen da. Punta punte bi rockaren eta trikitiaren arteko lehia da, gaur egungo hit!a. Damutu asko mestizoa da erabat, riff iluna eta karibear doinua batzen dituena. Azkenik, Agur Itaka pop eta folk balada da.