argia.eus
INPRIMATU
Khutulunek ez zuen ezkondu nahi
  • Mongolen Inperioa, XIII. mendearen bigarren erdia. Gengis Khanek sortutako inperioa lau zatitan banatuta zegoen, eta lau khanerrietatik bi gerran egon ziren 30 urtez: Kublai Khan buru zuen Khan Handiaren Inperioa –Txina konkistatu berria barne hartzen zuena– eta Kaiduren menpe zegoen Txagatai khanerria.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko abenduaren 07a
Khutulun (eskuinean) ‘Marco Polo’ telesailaren arabera. (Irudia: Netflix)
Khutulun (eskuinean) ‘Marco Polo’ telesailaren arabera. (Irudia: Netflix)

Kaiduren armadaren buruzagi nagusia Khutulun (1260-1306) zen, soldadu ausarta, estratega bikaina eta Kaiduren 15 seme-alaben artean, alaba bakarra. Marko Polok horrela deskribatu zuen Khutulun: ”Oso ederra zen, baina baita indartsua eta ausarta ere, eta aitaren erresuma osoan ez zegoen gizonezkorik indarrean eta balentrietan gailenduko zitzaionik”. Mongoliar guztiak bezala, gizon nahiz emakume, zaldizko bikaina zen; arkuarekin ere oso trebea zen, baina horretan ere ez zen emakume bakarra, Gengis Khan birraitonak emakume guztiak arkuan trebatzeko agindua indarrean jarri baitzuen bere agintaldian.

Baina genero berdintasuna horretara mugatzen zen, eta Khutulun gaztetatik bultzatu zuten ezkontzera. Khutulunek ez zuen ezkondu nahi eta baldintza zorrotza jarri zuen amore emateko: bökh izeneko mongoliar borroka tradizionalean irabazten zion gizonarekin ezkonduko zen. Hautagaiek 100 zaldi eman behar zizkioten khanaren alabari borrokan galduz gero eta kondairak dio 10.000 zaldi lortu zituela.

Azkenean, Khutulun Ghaza Khan izeneko gizon batekin ezkondu zen, komenientziaz, etsaiek bere sexualitateari, generoari edo aitarekin omen zeukan intzestuzko harremanari buruz zabaldutako zurrumurruak isilarazteko. Aita hil zenean, emakumea izanik, ez zuen haren tokia hartzeko aukerarik izan, eta anaietako baten alde egin zuen boterea eskuratzeko gatazkak piztu zirenean. 46 urterekin hil zen, edo hil zuten, haren heriotzaren kausak ez baitira sekula argitu.

Europan, Turandot pertsonaiaren inspirazio iturri izan zen Khutulun, eta bereziki Pucciniren izen bereko operaren bidez egin zen ezagun. Mendebaldean, horrenbestez, irakaspen argia dauka Khutulunen edo Turandoten istorioak: emakume indartsuak botereari uko egiten dio gizon baten maitasunagatik.

Mongolian ere oraindik badu eragina Khutulunek; zehazki, gaur egun bökh borrokaldietan erabiltzen den janzkeran. Borrokalariak bularra agerian dutela aritzen dira, Khutulun hildakoen artetik itzuli ez dela ziurtatzeko. Alegia, bökh lehiaketetan emakumeek parte hartzea eta Khutulunek bezala gizonezkoak mendean hartzeko aukera saihesten dute.