argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Ahanztura
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2021eko abenduaren 07a

Australian, Sidneyn, Liverpool Street izenekoan omen daude –edo zeuden, behintzat, hain azkar aldatzen da dena– jatetxe espainiarrak. Guillem Martinez kazetariak kontatzen du, sekula aurretik, eta geroztik ere ikusi gabeko bi ezaugarri zituztela: baga, sukaldaritza espainiarra ahaztuta zuten, XX. mendeko 60etan osatutako plater multzo hori; zeozer antzekoa sukaldatzen zuten, nahiz erabat diferentea eta ezagutezina izan, platerei ematen zieten izenarekin konparatuz behintzat. Eta biga, bakana, jatetxe haien jabeek beren ama hizkuntzak, gaztelania, edo galegoa, ahaztuta zituzten erabat. Izateko modu erlaxatu bat iruditu zitzaion Martinezi. Ingelesez hitz egin behar izan zuen behin galegozko hitzen bat tartekatzen zuen jabe batekin. Bere herrialdea, Australia, ez zuen ondare izpiritual baten gisara definitzen, objektu sorta bat bezala baizik –“Hemen ez zegoen ezer. Ezinezkoa zen baratxuriak aurkitzea. Txinatarrak iritsi ziren arte”–; eta bere naziotasuna, australiarra, ez zuen zera abstraktu baten gisara definitzen, eskubide sorta bat bezala baizik –“Zuk noiz eman ahal izan zenuen botoa lehen aldiz? Nik, 1967an”–. Jatetxe horietan sartzean bizizaletasuna sentitzen omen zen, izugarrizko askatasuna. Lotura antzinako eta ikusezinetatik askatutako jendea zen. Eta, kontrara, norbere loturak uzten zituzten agerian. Australiako ahanztura inbidiaz gogoratzen du kazetariak. Beharrezkoa da ahaztea. Zenbat denbora, zenbat belaunaldi daramagu ahaztu gabe? Zenbat daramagu gogoratu besterik egiten ez dugula?

Esaten dute memoria garela, memoriarik gabe ez ginatekeela gizaki; baina, egiazki, ez ote den gizaki ez garela ahanzturarik gabe. MZ, gure Michel Onfray partikularrak –Michel Onfray ona, bistan da, ez orain bilakatu den gauza gorri-arre hori–, esaten zuen, ez dut gogoan non, gizakiaren ahazmena indartsua dela, ezinbestekoa gainera orainaz gozatuko badugu. Memoria, esan dezakegu dagoeneko, gainbaloratuta dago.