Mugak bitan banatzen du Euskal Herria, Europako estatu inperialistek zabaldutako zauri bat. Inperialismo horrek eragiten du pertsona ugarik bizitza arriskatzea hegoalde globaletik honat etortzeko. Gure muga ere tranpa bihurtu da, non migrazioa – logika kolonialari desobedientzia– gogor zigortzen den. Zortzi heriotza zigor aurten.
Gu, euskaldun natibo zuriak, arrazismorik gabe azaldu ezin den kapitalismoan murgilduta. 500 urteko kolonialismoak eskainitako pribilegioez jantziak, bake soziala erosteko gastatzen den mozkinen zati bat jasotzen dugu. Geurea da muga eta mugak sortzen duen mina.
Asko kostatzen ari zaigu heriotza horien aurrean kalera ateratzea. Erantzun masiboa ematea. Pribilegioak galtzeko beldur gara.
Planetako aberastasuna agortzen eta kontzentratzen darrai, pobre direnen eta izango direnen arteko lehiak pobre izango ez direnen etorkizunari egiten dio mesede. Eta zer gerta liteke benetan Europako herritarrok, desjabetuok, erresistentzia honi, migrazioari, lagunduko bagenio?