argia.eus
INPRIMATU
Zentralismoaz eta multikulturalismoaz
Katixa Dolhare-Zaldunbide 2021eko abenduaren 02a

Luzaz pentsatu da giza harremanak sistematikoki aztertzerakoan atomoen irudiaren bidez pentsatu behar zirela, erran nahi baitu zentro eta periferiarekin. Eskema teoriko hori arrunt eraginkorra izan da (eta bada ere oraino) batez ere botere harremanak ulertzeko jendartean. Adibidez, ikerketa soziologiko batek erakuts dezake hiri erdiguneetan kontzentratzen direla indar sozio-, ekonomiko-, politiko-kulturalak, eta inguruetan, frantsesez banlieue deitzen diren horietan, bazterturik daudela klase sozial apalenekoak, immigratuak, ahal gabetuak. Beste adibide bat emateke, froga daiteke literaturaren sisteman zentroan daudela obra eredugarriak, irakurlegoak, erakundeek edo merkatuak kanonizatuak, eta periferian badagoela bigarren mailako literatura bat. Espainia edo Frantzia bezalako kultur eremu nagusietan, atomo literarioaren nukleoa identifika daiteke, eta euskal literatura bazterreko literatura erregionalistan sailkatu, elektroi ezdeusa balitz bezala. Eta euskal literaturaren baitan berdin koka daiteke bizi literarioaren zentroa Gipuzkoako aldean, autore eta kritikari ospetsuren inguruan, Iparraldeko ekoizpena bazterreratua ikusiz.

"Nahaskeriaz nahaskeria, ez ote ginateke itoko multikulturalismo artifizial batean, gure benetako ezberdintasun (edo nortasun) aberasgarriaren kaltetan?"

Zentro-periferia kontzeptuen bidez pentsatzeak badu alde txarrik: modu hierarkikoan aztertzen ditu giza errealitateak, eta eragileak bultzatzen ditu beren egitateak menperatzaile-menderatu harreman moten arabera gauzatzea, giza harreman oro botere edo borroka harremana bailitzan. Bizkitartean, zentro-periferia ideiek badute alde onik ere bai, bereziki kultur eremuan: “zentro” bat definituz, eredu bat zehazten dute, baikor eta bultzatzaile izan daitekeena. Ezen, nolako itxura zukeen konparazione euskal literaturak eredu sendorik ez bazuen eduki, gureari hedapen unibertsala eman diona?

Beste eskema teoriko baten bidez uler daitezke haatik jendartearen baitako harat-honatak, kontutan hartuz mundu globalizatuan sartuak gaudela denok: hau da, pentsatzea zentrorik ez dela gehiago, edo ez dela hain esanguratsu zentroak identifikatzea, azken finean periferiak baizik ez direlako gelditzen mugarik gabeko mundialitate honetan. Hemen, eta batez ere kultur alorrari dagokionez, Edouard Glissant martinikarraren filosofiari egiten diot erreferentzia: hark dio zentralizazioaren garaia bukatua dela eta artxipelagoz osatua dela mundu berria. Gertatzen dena da zentrorik ez izanez gehiago, ustekabeko elkarreraginak gertatzen direla kulturen artean: hizkuntzak nahasten dira, arte ereduak ere bai. Glissantek “kreolizazioa” deitzen du fenomeno hori, eta bere ustez ongi hartzekoa da, kulturak iraunarazten dituelako bestelakatuz.

Zentrorik gabeko mundua biziki erakargarria izan daiteke: eredu akademikorik ez, askatasun osoa ezberdintasun eta nahasketa guziak aldarrikatzeko, muga guzietatik harat. Banlieue handia baizik ez daiteke mundua. Baina nahaskeriaz nahaskeria, ez ote ginateke itoko multikulturalismo artifizial batean, gure benetako ezberdintasun (edo nortasun) aberasgarriaren kaltetan? Nahaskeriak ez ote gintuzke uniformizazio hits batera eramanen, mundializazio basenaren onetan? Arrisku hori gogoan, eusko zentratuak egon beharko genuke, lehenagoko eskema teorikora itzuliz...

Blaise Pascalek Gogoetak haietan zioen ildotik, zentroan ala zirkunferentzian murgildu nahi dugunez, hara nolako galdera zaila egin beharra diogun gure buruari.