argia.eus
INPRIMATU
Oinatz Mitxelena Munduate. Bizikleta bizilagun
“Bizikleta gainetik Bidasoa ibaia beste modu batera ikusten da, eta beti ezberdin”
  • Dena utzi eta Aragoiko Pirinioak hartu zituen bizileku Oinatz Mitxelena Munduate irundarrak. Autokarabana etxe eta bizikleta bidelagun, halaxe bizi da azken hiru urteetan. Libre duen denbora bi gurpilen gainean edo bidaiak diseinatzen ematen du. Hala, “Euskal Herria Zazpiak bat, Euskal Herria marrazten” erronka egin berri du irailean. Mila kilometro egin ditu zazpi egunetan, zazpi probintzien ertzak bizikletarekin marraztuz.

Aitziber Zapirain Etxaniz @ZapirainEtxaniz 2021eko abenduaren 01
"Ez dut egungo turismo eredua atsegin; herria barrutik ezagutzea gustatzen zait, eta hori beste estilo batekin egiten da. Lasaitasunez". (Argazkia: Irantzu Pastor)

Dena alboratu zenuen orain dela hiru urte, autokarabanan bizi eta bizikletaz bidaiatzeko asmoz.
Hala da. Arrazoi ezberdinak tarteko etxea utzi eta Aragoiko Pirinioetara joan nintzen. Egungo bizitza erritmoa baztertzearen aldeko apustua egin eta bizitza filosofia aldatzea erabaki nuen. Askorentzat xelebrea izan arren oso zoriontsua naiz gutxirekin, gehiagoren beharrik izan gabe. Nahi dudan bezala bizi naiz. Sukaldari moduan aritzen naiz lanean eta mendira joaten naiz denbora librean. Pandemia ere hala pasa dut, mendiak ematen duen askatasunari esker gatibu egotearen sentsaziorik gabe. Han ere alokairuak oso garesti daude eta lana bilatzerako unean laguntza handia izan da autokarabana ukaitearena. Bizilekua enpleguaren menpe ez edukitzearen xantza daukat.

Euskal Herria marraztu duzu irail honetan, bere ertzetatik bizikleta itzulia eginez.
Buruan bidaia asko izan ditut, amesturikoak, eta Euskal Herriari itzulia egitea zen horietariko bat. Jatetxeko lana amaitu eta unea heldu zela sentitu nuen. Mapak aztertu, bidaia diseinatu eta Euskal Herriari itzulia eman ahal izan diot bizikleta gainean. Gipuzkoa eta bereziki Bizkaiko kostaldea egin zaizkit gogorrenak, baina gainontzean izugarrizko gozatua hartu dut. Zazpi egunetan, gainera, eguraldia lagun izan dut, arazo muskularrik ez dut ukan eta istripurik ere ez. Dena ongi atera da, zorte handia izan dut. Zazpi etapatan banatu nuen bidaia, egunero batez beste 140 kilometro eginez. Guztira mila kilometro inguru egin ditut. Ez dut aterpe edo hoteletan lo egiten, kalean baizik, beraz askatasun osoa izan dut geldileku eta lotarako lekuak aukeratzeko unean.

Kalean egin duzu lo?
Bai, abenturaren parte da. Halako bidaietan erraza izaten da aterpeak lortzea, baina niri herrian barneratzea gustatzen zait. Azken kilometroak bazter eta txoko guztietara begira pasatzen ditut, lotarako lekuak aukeratzen. Estalpe bat nahikoa zait eta aukeran iturri bat gertu, afaria prestatu eta biharamunean botilak urez betetzeko. Esterila eta lo-zakua lurrean jarri eta begiak itxi. Hala egiten dut. Arazorik ez ote dudan izan galdetu dit jendeak, baina alderantziz. Laguntza gehiago jaso dut kexak edo oztopoak baino.

Argazkia: Irantzu Pastor

Nola antolatu duzu zer eta nola eraman?
Bi poltsa txiki erabili ditut. Orotara 22 litro inguruko edukiera, ez gehiago. Esterila, lo-zakua, sua, eltze bat, kulot pare bat, toalla bat, sua, gasa… Gehiagorik ez. Eta janaria unean unekoa, zuhaitzetatik fruta hartzen ere ibili naiz. Piku eta sagar mordoa jan ahal izan dut. Ahalik eta pisu gutxien eramanen nuela argi nuen, bestela ezinezkoa da. Gutxika ikasten den zerbait da hori. Lehen badaezpadako gauza asko sartzen nituen. Orain badakit zer erabiliko dudan. Irten baino hiru egun lehenago prestatzen dut dena. Oraingoan, adibidez, zirazko galtzak kanpoan utzi nituen. Eguraldi ona izan nuen eta eskerrak!

Zer sentitu zenuen amaitu zenuenean?
Buruan urte luzez gordea ukan dudan amets bat bete nuela. Eta gure herriaren mapa, hainbeste lekutan ikusi duguna, bizikletaz marraztu ahal izan dudala. Hainbeste denboraz landutakoa lortuta, burua hutsik gelditu zitzaidan, “orain zer?” pentsatu nuen. Oraindik hala nabil.

Zergatik bizikleta bidelagun?
Txiki-txikitatik zaletu nintzen. Dena egiten dut bizikleta gainean. Kirola, paseoak, garraioa… Bidaiatzeko modu sanoenetako bat dela esango nuke. Baita txokoak ezagutzeko ere… Jende oro animatuko nuke probatzera, asteburu batez bada ere. 30 kilometro eginez, adibidez. Errepidetik ibiltzeko beldurra izanez gero, pistak badira gure herrian. Bidasoan, adibidez, Bide berdea dugu, Donezteberaino joan eta biharamunean itzul zaitezke. Bortziri eta Malerreka ezagutzeko aukera paregabea da. N-121a autoz zeharkatzen dugunean herriak pasatzen ditugu, baina bizikleta gainetik Bidasoa ibaia beste modu batera ikusten da, eta beti ezberdin.

Egungo bizi erritmoari ihes egin diozu, askatasun bila?
Bai, guztiz. Ez dut esango telefono gabe bizi naizenik, familia eta lagunak ditudalako. Lasaiago bizi beharko genuke denok. Ditudan sare sozialak mendi edo bizikleta ibilbideak egiteko dira. Paperezko mapak begiratzen ditut beste ezer baino gehiago. Autokarabanan ez dut telebistarik eta ordenagailua oso gauza zehatzetarako pizten dut.

Azkartasuna moteldu beharko genukeela uste dut, guztion osasunerako eta ingurugiroaren hobe-beharrez.  Mundua goitik behera ezagutu nahi dugu, baina nola egiten dugu hori? Ez dut egungo turismo eredua atsegin; herria barrutik ezagutzea gustatzen zait, eta hori beste estilo batekin egiten da. Lasaitasunez. Gaur hemen eta bihar han, ez da posible. Gaur hemen bazaude, gozatu hemengoaz. Ezagutu etxea, atzerrira joan aurretik. Oso eroso nago lasaitasun horretan.

Euskal Herriaren itzulia egin ostean, zein txoko aukeratuko zenuke?
Ezagutzen ez nituen leku asko pasa ditut, zaila da bakarra aukeratzea. Bastida esango nuke, adibidez. Hara heldu eta gelditu nintzenean, harresian paseoa eman ostean bertako kobazuloan lo egiteko gogoa sartu zitzaidan, baina bizikleta beherago utzi behar nuen eta traba egingo ote zuen ez nekienez beste leku batera mugitu nintzen. Baina ederra da lekua. Zaila da aukeratzea, etxe ederra da gurea.

Irribarre berdeko pertsona
Txiki-txikitatik izan du bizikleta alboan Oinatzek. Izan lagunengana hurbiltzeko, lanera joateko... Ez du mugikortasuna beste gisan ulertzen. Bizitza erritmo gogorra alboratzeko apustua egin eta erronkaz erronka bizi da lan orduetatik at. Hamarnaka ordu pasa ditu bizileku duen autokarabana barruan Euskal Herriko itzulia egiteko mapak eta etapak aztertzen. Besteok traba edo izuak sumatzen ditugun lekuan aukerak eta abenturak ikusten ditu berak. Betaurrekoei moreaz gain, beste kolore bat erantsi beharra sumatu dut bere hitzetan. Lasaitasunaren berdea, adibidez.