Hustutako lurralde kontzeptua gero eta gehiago entzuten da han eta hemen, eta niri bereziki osatua iruditu zait Carlos Taibo pentsalari anarkistaren ikuspegia Iberia vaciada. Despoblación, decrecimiento, colapso liburuan (Los libros de la catarata, 2021). Despopulazio arazo estrukturalak eta desparekotasun sozioekonomikoak gurutzatzen diren lurraldeak Iberian zein diren definitzen du. Berehala, eta eskertzekoa da, egoerari aurre egiteko proposamenak egiten ditu, desazkundetik kolapsoari aurre egiteko ikuspegiarekin.
"Krisi klimatiko eta sozialak egoera okertuko du hustutako lurraldeetan; datorrenari aurrea hartu eta ‘etorgintza’ pixka bat aplikatuko bagenio?"
Hustutako Iberiaren marjinetan, Euskal Herriko landa-gune menditsuetan ditugu hustutako lurraldeak, arazoa bereziki larria delarik Pirinioetan. Udalbiltzak arazoaren ikerketa eta lanketa egin du Hauspotu proiektuaren bitartez (www.udalbiltza.eus/eu/proiektuak/hauspotu), eta Olatukoopeko lankideekin batera proiektugintza aktibatzeko proposamenekin parte hartzeko aukera ederra izan dut. Hala ere, Euskal Herriko ikuspegi batetik, arazoa oso gai periferiko bezala lantzen dugula uste dut, eta lurralde kohesioaren ikuspegitik lehentasunezkoa bihurtu behar genuke. Horretarako, gaitasunez eta baliabidez hustutako lurralde desindustrializatuen egoerarekin ikuspegiak lotzea proposatzen dut, lurralde hauetan bizi garen biztanleak batzen gaituena bizitzarako baliabide falta eta garapen ekonomikorako estrategia subordinatuak baitira.
Krisi klimatiko eta sozialak egoera okertuko du hustutako lurraldeetan; datorrenari aurrea hartu eta ‘etorgintza’ pixka bat aplikatuko bagenio? Horretarako ezinbestekoa dugu gure lurraldeetan lan eta bizi ahal izateko ditugun beharrak kolektiboki identifikatzea, eta hauei burujabetza estrategikoen lanketarekin erantzutea: elikadura, etxebizitza, zaintza, kultura, osasuna edo mugikortasuna denontzat eskuragarri egingo dituzten tokiko balio kateak eraikitzea, existitzen diren proiektuak indartuz eta ekonomia eraldatzaileko ekimen berriekin osatuz.
Gaitasunak, ikuspegiak eta proiektuak saretzen ari gara, subjektu eraldatzaileak eraikitzen, tokiko ekosistema kooperatiboak eta herri kooperatibak sortzen, despopulazioa eta desindustrializazioak hustutako lurraldeen arteko elkartasuna eraldaketarako agendan kokatzen. Bete ditzagun gure lurraldeak bizitzarako beharrezko ditugun baliabideekin, jabetza eta ezagutza komunak landuz, proiektu eraldatzaileak ereinez.