Argonia (Kansas, AEB), 1887ko apirilaren 4a. Susanna M. Salter-ek (1860-1961) herri txiki horretako hauteskundeak irabazi zituen, botoen %60tik gora eskuratuta, eta, hala, AEBetako lehen emakumezko alkatea izan zen.
Ordu batzuk lehenago inork gutxik espero zuen emaitza. Susanna Salterrek berak egun berean jakin zuen hautagaien artean zegoela. Salter WCTUko (Neurritasunaren Aldeko Emakume Kristauen Batasuna) kidea zen eta, hortaz, emakumeen sufragioaren eta alkohola debekatzearen alde zegoen. Baina ez zuen bere burua alkatetzarako hautagaitzat aurkeztu, aste batzuk lehenago emakumeek Kansaseko udal hauteskundeetan bozkatzeko –eta hautagai izateko– eskubidea lortu zuten arren; beste 32 urte beharko ziren eskubidea AEB osoan zabaltzeko.
Emakumezkoek politikan parte hartzearen aurka zegoen gizon talde batek aurkeztu zuen Salterren hautagaitza, txantxetan. Salterrek ez zuen botorik lortuko eta, ondorioz, emakumeek, umilduta, kargu politikoetara aurkezteko gogoa galduko zuten.
Garai hartan zerrendak ez ziren hauteskunde goizera arte kaleratzen, eta orduan jakin zuten Susannak berak, WCTUk eta herriko alderdi errepublikarreko kideek, Salterren alde bozkatzeko aukera zutela. Errepublikarrek ordezkaritza bat bidali zuten Salterren etxera eta, Patricia Grimshaw historialariaren arabera, “irabaziz gero alkate izateko prest ote zegoen galdetu ziotenean, baiezkoa erantzun zuen. Salterren gogoa ikusita edo, beharbada, gizon talde hark hauteskunde prozesuaren zilegitasuna zalantzan jarri zuelako, emakumearen alde bozkatzea erabaki zuten Argoniako errepublikarrek”. WCTUko kideek ere erabaki bera hartu zuten.
Urtebetez aritu zen Susanna Salter alkate lanetan, hurrengo hauteskundeetan ez aurkeztea erabaki baitzuen, eta dolar bateko ordaina jaso zuen karguan jarduteagatik. Behin, The New York Sun egunkariak erreportari bat bidali zuen Argoniara. Kazetariak xehetasun osoz deskribatu zituen alkatearen soinekoa eta kapela, eta haren estilo begirunetsua goraipatu zuen. Horrez gain, Salter alkate trebe eta jantzia izan omen zen, bilera labur eta eraginkorrak egin zalea, aldrebeskeriarik onartzen ez zuena.
Horrenbestez, Susanna Salter urtebetez AEBetako lehen emakumezko alkatea izan zen, gizon batzuei txantxa oker atera zitzaielako. Eta 130 urte pasatxo eta gero, Kamala Harris 85 minutuz AEBetako lehen emakumezko jarduneko presidentea izan berri da, gizon bati kolonoskopia bat egin diotelako.